Jon GARMENDIA
Idazlea

Zentzua

Norbait hiltzen denean, maite dudan pertsona bat galtzean, isilik gelditzen naizela erran didazu, idatzi ere ez dudala egiten. Publikoan idazteaz ari zarela ohartu naiz. Lehen egiten nuela erantzun dizut, baina denborarekin hitzak ere lehortu egin zaizkidala, malkoak bezala. Niretzat ala besteentzat egiten nuen zalantza neukala, eta nire sentimenduak besteei oparitzen nizkien sentsazioak itotzen ninduela. Bakardadean niretzat idazten dudala aitortu dizut, pertsona horrek nigan utzi duen arrastoa bizitzaren ibilbideari lotu nahian, baina soilik nik ulertzeko moduan. Eta barneari idazten diodana errezitatzeko eskatu didazu, ea ulertzen duzun. Hasi naiz: «Oroitzapen gozoak brisa arin bat bezala, oinaze iheskor bihurtu dira, partekatutako barreak, besarkada beroak nire bihotz urratuaren bihurguneetan, malko ozeanoak gainezkatu ditu nire pentsamenduak, eta amildegi ilun honetan hutsune mingarri bati bide eman diozu, tristura zorigaiztoko bati. Zure presentzia atseginaren tortura gela da zure absentziaren pisua, zu gabe bizitza izarrik gabeko bidaia da, bide ilun bat non nire bihotza agerian geratzen den. Atsekabeak oihartzun egiten du nire baitan, hau bihotz-hauste bat da, baina une bakoitza, segundo bakoitza zainduko dut, eta mina desagertutakoan zure memoria betirako gordeko dut». Ez duzula zipitzik harrapatu, beraz arrazoi dudala, hobe dudala enetzat idazten jarraitu, nehork ez bainau ulertuko. Uste dut dolu intimoari zentzua atzeman diodala.