Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Argazkirik gabe, G20 zertarako?

Iazko azaroan, duela hamar hilabete, «tradizio» bat hautsi zen Indonesiako Balin. G20ko estatuburuen goi-bileretan ohikoa den «familia-argazkia» ez zen egin.

Bertaratuetako hainbatek ez omen zuten nahi errusiar ordezkaria zen Lavrov-ekin, kanpo-arazoetako ministroarekin agertu eta... Kitto, argazkia. Lasaitu ederra hartuko zuen protokoloaz arduratu behar zuenak.

Normalean hiru ilaratan baina aliritzira jarrita bezala agertu ohi diren hiru dozena pasatxo (gizonezkoak ehuneko 90 baino gehiago) horien kokapena goi-politikako kontua izaten baita. Ordezkariaren tasuna (estatuburua, lehen ministroa, kanpo-arazoetako ministroa) edozein dela ere, ordezkatzen dutenari men egin behar zaio. Eta, noski, potentzia nagusiek lehen lerroan egon behar dute... Derrigor-derrigorrezkoa, haatik, gauza bakarra dela esan liteke: herrialde anfitrioia ordezkatzen duenak lehen lerroaren erdi-erdian egon behar duela; haren ezkerretara, aurreko goi-bilera antolatu zuenak, eta eskuinetara, hurrengoa antolatu behar duenak.

Beste guztia, «negoziatu» beharrekoa litzateke: nor jarri zein ilaratan (hirugarrena da, noski, merke-zurrekoa); ilararen zein puntutan (alegia, erdigunetik zenbat aldenduta) jarri bakoitza; eta kasik garrantzitsuena dena: noren albo(et)an tokatuko nor. Puzzlea osatzeko oso eskergarriak izan behar dute G20ko kide izan gabe gonbidatu legez etorritakoek, edo nazioarteko erakundeak ordezkatuz datozenek: teorian, suertatzen zaien lekuan jarri, besterik ezin dute egin. Hori, batzuetan, pagotxa izan daiteke, Pedro Sanchezek ederki dakien bezala.

Galdera da: izango ote da familia-argazkirik datorren asteburuan New Delhin egingo den goi-bileran? Azken orduetaraino etorrita bertaratuko diren estatuburuen zerrenda kili-kolo dagoela, eta Balitik hona gauzak zuzendu baino gehiago bihurritu egin direla kontuan hartuta, ezezkoa da postura ziurrena.

Eta hortik aurrera: ezertarako balio al du G20k, argazkirik ere ez badago?