Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

«Sinik»

Bikote lagun batek Iruñetik Aldudera oinez egindako bidaia kontatu dit. Lau egun eta hiru gau eman dituzte ibilaldi menditsu eta ederra egiteko. Berez distantzia ez da luzea, 50 kilometro inguru. Errepidea sigi-sagatsua izan arren, arras polita. Kotxez ordubetetik gora egiterik dagoen bidea; zergatik, orduan, lau egun eman oinez? Argi dago, Itakarako itzulera bezala, garrantzitsuena bidaia delako. Groenladieraz distantziak kilometrotan baino, siniketan neurtzen dira. Sinik ametsa da. Distantziak lo egiteko tarteekin neurtzen dira. Nire lagunek hiru sinik behar izan zituzten beren bidaian. Eta ametsak bidaiaren parte dira.

Ipuinetan ere distantziek bestelako neurketa dute. Ezin asmatu protagonistak ze distantzia egin duen: joan eta joan eta joan. Ez du jakingo entzuleak zehazki ze distantzia ibili duen, baina ulertuko du urruti joan dela. Ipuinetan denborarekin gertatzen den bezala, distantziek zerikusi handiagoa dute ametsen munduarekin. Gure mundu honetan, berriz, bidaiatzea ezinbesteko bihurtu da, ahalik eta urrutien, munduko pertsona zabal eta jakin-minduna izateko, nonbait. Distantziak km-tan neurtuko ditugu, eta ahalik eta lasterren heldu nahiko dugu helmugara. Zenbat sinik behar dugu horretarako, ordea? Zenbat amets egin dugu? Agian, Groenlandian bezala, gure ibilbideak eta bidaiak siniketan neurtu beharko genituzke, ametsetan. Orduan bai, abentura zirraragarriak izango genituzke kontatzeko.