SEP. 08 2023 AZKEN PUNTUA A ze uda amaiera Iker IBARLUZEA Meteorologoa Azken egunetan eguraldiak indar erakustaldi handiak egin dizkigu, bai gurean eta baita inguruko eremu eta herrialdeetan ere. Gurean, aurreko larunbatean sekulakoak bota zituen, bereziki Nafarroa erdialdean, non Iruñean bertan, 24 ordu eskasean, 150 mm-tik gora euri pilatu zen. Benetan zenbaki beldurgarriak. Hurrengo egunean, penintsulako hainbat lekutan ere, gure gainean kokatua zegoen DANAk eurite izugarriak utzi zituen. Toledon edo Cadizen, esaterako, uholdean utzi zituen, baita hildakoak eta desagertuak ere. Baina azken egunetan zeresana Greziak eman du. Udan, suteen mende egon da, hainbat hektarea lur eta baso kiskalita geratu direlarik. Orain, triskantza horri errematea emateko, sekulako euriteak eta uholdeak gertatu dira. 24 ordu eskasean 750 mm ur, leku batzuetan. Munduko eremurik euritsuenen pare. Honako egoera hauek ez dira ohikoak. Are gehiago, Greziakoa oso arraroa da. Beroketa globalaren beste erakusle bat? Ba, baliteke. Garbi dago klima erotzen ari zaigula eta halako indar erakustaldiak gero eta ohikoagoak bilakatuko direla, Mediterraneoan bertan urakanak izateko probabilitatea handituz. Zoritxarrez, Euskal Herrian ere nozituko ditugu halako muturreko egoerak. Eta ez gutxitan…