GARA Euskal Herriko egunkaria

Beste matxura batek Metro Bilbaon kaosa eta haserrea eragin zituen lau ordu luzez

Atzerapen galantak, nerbioa eta haserrea eragin zituen atzo Metro Bilbaon jazotako matxurak. Katenaria, berriro ere. Zortziak baino lehen gertatu zen, puntako orduan, eta milaka laguni eragin zion.

Jendea metroa hartzen, artxiboko irudi batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Bolueta eta Indautxu arteko tartean, katenariaren kableetako batean egindako mozketa txiki bat izan da», azaldu zuen Susana Palomino Metro Bilbaoko komunikazio arduradunak Onda Vasca Irratian. «Langileek trenbidera sartu behar zuten konpontzeko, eta horregatik, zerbitzua etenda egon da». Matxura 7.45ean jazo zen eta lau ordu luzez milaka laguni eragin zion. Lehen orduetan, bagoiak beteagoak joaten dira. Lanpostu, ikastetxe edo beste leku batzuetara joan direnek nerbioak, gutxienez, puntan izan dituzte. Atzerapenak galantak izan dira.

Katenariako matxurak Etxebarri eta San Ignazio arteko zirkulazioari eragin zion hasieran, baina 1. linean eta 2.ean izan zuen eragina, azkenean.

«Atzerapenak, bi lineatan eta bi noranzkoetan. Etxebarri eta San Ignazio arteko tartean ez dago zerbitzurik. Barkatu eragozpenak», zioen Metro Bilbaok, X sarean 9.37an zabaldutako mezuan. Baina sortutako arazoaren dimentsioaren berri ez zieten eman metroa hartu zutenei, bagoiaren barruan zirela enteratu ziren, bidaia ordainduta eta garraio alternatiboa bilatzeko aukerarik ez zutenean. Horrela gertatu zitzaion, adibidez, 10.00etan Algortan trena hartu zuen emakume bati.

Geltokien artean geldituta zegoela, tuneletan ere tartea ematen zuela edo geraleku batzuetan denbora gehiago ematen zutela nozitu zuenean, ezohiko zeozer gertatzen zela sumatu zuen. Eta orduan, gidariak trenen ilara zegoela azaldu zien megafoniaz.

Emakume hau Bilbora zihoan eta San Ignazion jaitsarazi zuten, bidaia Kabiezesetik zetorren trenean jarraitzeko. Baina bere helmugara ere ez zen iritsi; San Mamesen bidaia Indautxun bukatzen zitzaiela abisatu zieten-eta. Hau guztia ordubete eta laurden metroan eginda, normalean 25 minututan egiten den bidaia batean.

Beste askok bezala, ez zuen bere haserrea estali. Atzerapen handiz iritsiko zen hitzartuta zuen hitzordura, eta zoroen pare ibili zen garraio alternatiboaren bila. Busen ibilbideak ezagutu ezean, taxia hartzeko hautua egin zuen, baina topera ziren, eta korrika-oinez egin behar izan zuen.

Joan den abuztuaren 25ean ere, ostiralean, Aste Nagusiko egun nagusian, zerbitzua eten egin zen denbora luzean. Orduan ere, katenariarekin arazoak izan ziren.

Kasu hartan bi ordu izan ziren Aiboa eta San Ignazio geralekuen artean, bi noranzkoetan, eta bost ordu Aiboa eta Leioa artean, 19.15etik gauerdira arte. Horren ondorioz, jaiez gozatzera Bizkaiko hiriburura joan nahi zuten milaka lagunek garraiobide alternatibo bat bilatu behar izan zuten, eta hori oso zaila izan zen. Jende asko ezin izan zen Bilboraino hurbildu, eta horrek haserrea eragin zuen.