GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
Imanol ansa
Erremontista

«Hona heltzeko, pasiotik asko tira behar da eta ekonomikotik gutxi»

15 urte zituenean hil zitzaion aitak sartu zion erremontearen harra. Hamaika oztopori aurre egin eta buruz buruko txapeletik pauso bakarrera dago aurrelari urnietarra, gaur jokatuko du finala Juanenearen aurka. Ikasketaz irakasle, delineatzaile bezala ari da lanean, eta osabaren sagardotegian garatutako patxada eta egokitasunez mintzo da.

(Maialen ANDRES | FOKU)

Nola zaude Buruz Burukoaren lehen finalaren atarian?

Ondo daramat aurtengoa, nik uste, biribil irten zaidan urtea izan dela, disfrutatu egin dudalako. Iaz, esaterako, fasziako arazo batekin ibili nintzen, asko sufritu nuen. Aurten, bai jokoz eta bai fisikoki oso ondo heldu naiz.

Buruz buru ez da nire lehen finala, Masterrekoa jokatu izan dut, nahiz eta hau udako lehena izan. Hortaz, badakit zer den buruz buruko final bat jokatzea. Esango nuke Masterseko lehen finala jokatu nuenean, hasteko, altura honetan beste tentsio bat sentitzen nuela, egoera berria denean zalantzak sortzen direlako. Baina orain esperientzia gehiagorekin ikusten dut nire burua, iruditzen zait modalitatea nahiko ondo ulertzen dudala, lehen aldia da lasai esan dezakedana buruz buru nola jokatu behar den badakidala eta gai ikusten naizela; eta horrek ematen dit lasaitasuna.

Barrenetxeari irabazi zenion final hori, hor aldatu zinen?

Jendeak esaten du galtzearekin asko ikasten dela, baina nik uste irabazita ere asko ikasten dela. Behin irabazita, muga non dagoen ikusten duzu, hori gainditzeko gai izan zarela, eta orduan, beti duzu beste konfiantza bat. Nik, pertsonalki, momentu horretan Barrenetxeari irabazita, pauso hori eman nuen. Gainera, bi aldiz jarraian irabazi nion Masterrean, ligaxkan eta finalean, eta horrek eman zidan orain dudan konfiantza hori.

Baina hau da urteko partida.

Bai, erremontean hasi nintzenetik, edo aurretik, eskuz edo lagunekin palaz aritzen nintzenetik, beti buruz burukoa izan da gehien gustatu zaidan modalitatea. Beti esan izan dut nire ametsik handiena erremontean buruz burukoa irabaztea zela, eta oso pozik nago iristeagatik eta, era berean, sarri tokatu zaidalako finalak galtzea. Azken bi-hiru urteetan final dezente jokatu ditut behintzat, iruditzen zait galtzea asumitzeko prest nagoela. Baina, dudarik gabe, %100ean irabaztera noa.

Nork esango zizun erremontea lehen aldiz hartu zenuen egun horretan, kirol honetan aritzeko txikiegia zinela esan zizuten hartan, honaino helduko zinenik?

Bai, halaxe da. Gaztea nintzenean beti izaten nituen nire amets horiek, egun batean helduko nintzela, baina oso urrun ikusten nituen. Baina amets horiek guztiak pixkanaka egia bihurtzen joan naiz. Egia esan, beti izan dut konfiantza nire jokoan; oso errealista ere banintzen, eta banekien oso urrun zegoela. Orain dela lau urte helburua irabaztea zen, nahiz eta jakin irabaztea ezinezkoa zela, baina oso argi ikusten nuena zen segitu egingo nuela, ahal nuen arte, edo heltzen nintzenera arte.

Fisikoki sekulako garapena izan dut, nik uste beharrezkoa zela, baina jokoan ere asko joan naiz ikasten, esperientzia dezente pilatu dut azken urteetan, eta hementxe gaude.

Eta oso konstantea izan zara, hasierako urteak erremontean bereziki zailak dira eta askok utzi egiten dute, baina zuk ez duzu etsi.

Bai, egia esan, oraintxe 8 urte egin ditut profesionaletan eta ematen du ez direla asko, baina oso desberdina da osasuna duen kirol batean 8 urte irautea. Erremontearen kasuan, hain kirol gutxitua izanda eta lan baldintzak hain kaskarrak izanda... Pilotari guztiek lanera joan behar dugu, jasotzen duguna ere ez da oso handia, gauza asko utzi behar dira alde batera... Harrituko zinateke ikusirik zenbat jendek utzi duen ni hasi nintzenetik eta, esan duzun bezala, nik uste atzetik datozen gazteek, hona heldu nahi badute, oso argi izan behar dutela bidea ez dela batere erraza, zailtasunak asko direla eta erraztasunak gutxi. Baina ni bezalako jendea badago, pasioa duena eta gaur egun hona heldu nahi duenak pasiotik asko tira beharko du, eta ekonomikotik gutxi.

Zu hasi zinen garaia, erremontearen garairik txarrena ez bazen, txarrenetako bat behintzat bai.

Txarrena esango nuke, nirea edo ni baino bi hiru urte lehenago sartu zirenena. Nik hiru hilabetetako kontratu batekin debutatu nuen. Enpresak esan zigun hiru hilabetera erabakiko zuela enpresa ixten zen edo ez, eta ezin zigutela gehiago eskaini. Lehen urte eta erdian hiru hilabetero sinatzen genuen, gero pixka bat hobetu zela ematen zuen eta luzeago hasi ginen sinatzen.

Baina akordatzen naiz lehen lau edo bost urteetan gure soldaten %40 bakarrik kobratzen genuela. Kooperatiba estiloko zerbait egin zen, enpresak esaten zuen ze diru sarrera zituen, ze gastu eta, nola inoiz ez zen heltzen gastu adinako sarrerak lortzera. Ba pilotariek gure soldatak jaisten genituen eta hilabete batean tokatzen zen %30 kobratzea, hurrengoan %50... Baina baxuak beti, eta lehen bost urteak hala egin nituen.

Aparte, gu sartu ginen urtea baino lau urte lehenago, soldata nahiko potenteak ziren. Gero, 2010ean, Oriamendi sartu zen, hor uste dut pare bat urte mantendu zituztela, baina ikusita ze egoera zegoen, hurrengo urteak oso oso baxuak izan ziren. Eta esan dizudan bezala, ni hasi nintzenetik hona oso pilotari gutxik iraun dugu, eta iruditzen zait hor egon garenok lan ikaragarria egin dugula erremonteari eusten, enpresarekin batera.

Ez noa onak esatera, baina perspektibak hobeak al dira?

Bueno, ez zait gustatzen ezkorra izatea, nahiko baikorra naiz, baina ikusten dut, alde batetik, ETBn agertuta presentzia irabazi dugula, baina kirolaren osasun egoerari dagokionean, esango nuke lehengo egoera nahiko antzekoan gaudela. Ni, osasuntsu egoteaz ari naizenean, eskola indartsu bat izateaz ari naiz, afizionatu maila on bat txapelketekin, profesional koadro handi bat, partida kopuru handi bat... eta ez da kasua.

ETBk erakusleihoan jarri gaitu, bai; lehen partida bat irabazi eta hiru edo lau pertsonak zoriontzen baninduten whatsappean, orain, ETBrekin, igual 30ek. Hori nabari da, baina nik 2015ean debutatu nuenean, urtean 90 partida jokatzen nituen, eta orain 30 jokatzen ditut. Hasten ari diren gazteentzat egoera oso zaila dago, horren partida gutxirekin gora egitea oso zaila da.

Zu hemen egotearen parte handi bat aitak dauka -berak sartu zion erremontearen harra, eta Imanol nerabea zela hil zen-. Zenbat aldiz akordatu zara harekin azkenaldian?

Ba nik uste beti izan dela izan dudan indargune bat eta, era berean, ahulgune bat. Bereziki buruz burukoan, nola ilusio handi bat den, sentimendu guztiak irteten dira, eta esango nuke urtero-urtero asko akordatzen naizela berarekin. Txarra da, nolabait presio puntu hori jarri izan diodalako nire buruari. Iaztik aurrera, nik uste, askoz hobeto daramadala kontu hori, landu egin dudalako, ez profesional batekin, baina jabetzen joan nintzen kirolariak askotan besteontzat jokatzen dugula, eta gogorra dela. Orain ere bizi dut, baina ikasi dut moldatzen.

Bestalde, une txarrak pasa ditudanean, erremontearen egoera ez denez batere osasungarria eta momentu gogor asko daudenez, ez dizut esango uzteko gogoa izan dudanik, baina oso momentu baxuak izan ditut, eta hor beti oso-oso garbi izan dut segitu egingo nuela, parte handi batean, aitaren motibazio horregatik.

Egunerokoak ere ez du erraza izan behar, zuen lanbidea, entrenamenduak, partidak...

Asko markatu ninduen irakurri nuen Oier Etxebarriaren elkarrizketa batek, esaten zuen oso gogorra egiten zitzaiola pilota eta lana uztartzea eta nik horixe bizi izan dut. Eta nire kasuan bai, gogorra da, baina ondo gabiltzan erremontisten kasuan, iruditzen zait, badugula nolabaiteko gure ordainsaria; soldata hobeak ditugu, telebistan irteten gara... Nolabait ere, bueltan zerbait jasotzen dugu. Baina horregatik esaten nizun oso gogorra egiten zaidala orain hasi berrientzat dagoen panorama; mediatikoki eta ekonomikoki askoz gutxiago jasotzen dute, partida gutxiago... Niri konpentsatzen dit, baina hasiberrien lekuan jarri, eta ez da batere erraza.

Gero, gainera, zuk lasai hartzen baduzu, «nahiko lan badut nire lanarekin», ez duzu inoiz hobetzen, eta oso espiral zail batean sartzen zara. Horregatik, utzi duen jendea ere ezagutu izan dut; lanak ez dizu nahi adina entrenatzeko aukerarik ematen, ez duzu maila hobetzen, partidetara irten eta maila txarra eman, agobiatu eta utzi.

Eta finalera bueltatuz, nolako partida espero duzu? Juaneneak sekulako maila eman zuen finalerdian.

Entzuten ari naiz jendea nola ari den esaten Barrenetxeak beste izen bat duela, bi aldiz txapeldun izan dela eta Juanenearen aurka errazagoa ote dudan. Hor nabari dut jendearen nolabaiteko ezjakintasuna. Nire iritzi pertsonala da, baina finalerdian ikusi genuen Juaneneak momentu horretan Barrenetxeak baino gaitasun handiagoa izan zuela partida aurrera ateratzeko. Kontuan izan behar dugu Juanenea lau final jarraian irabaztetik datorrela, esango nuke hau bere urtea dela, eta ikusi da buruz burukoan, Urrizari irabazi zion eta Barrenetxeari irabazi zion. Gaur egun koadroan dauden bi txapeldunei irabazi zien, eta ez dakit nola esan, inozoa ikusiko nuke pentsatzea finala erraza izango dela. Iruditzen zait Juaneneak, orain ematen ari den mailarekin, azken urteetan txapeldun izan den edozeini gerra emateko maila baduela, dudarik gabe gainera.