GARA Euskal Herriko egunkaria

Justizia


Antjie Krogen “Country of My Skull” (Nire burezurreko herrialdea, 1998) memoria-liburutik abiatuta John Boormanek zuzenduriko “In My Country” (Nire herrialdean, 2004) filmeko eszena bat etortzen zait burura Hego Afrikako Egia eta Adiskidetze Komitearekin gogoratzen naizenean. Eszena horretan, afrikaner baten testigantza lazgarria entzuten ari dela, barrez lehertzen da Juliette Binochek jokatzen duen Anna. Barre paradoxikoa da, egoerarekin bat ez datorren erantzun emozionala, giza adimenaren mugak gainditu dituenaren erantzuna. Baina orduan, afrikanerrak azaldutako krimenak adierazezinak dira, apartheidaren adierazgarriak badira ere.

Nurembergeko epaiketek jarraituriko bidearekin zerikusi handirik ez zuen 1995ean Hego Afrikako gobernu berriak adosturiko prozedurak. Lehenengoak, erregimen nazian arduraren bat izandakoak auzipetu zituen. Egia eta Adiskidetze Komiteak, ordea, biktimei zein delitu egileei errepresaliarik gabe beren testigantza emateko aukera eskaini zien, “egiak” hego afrikar gizartea bizikidetzarantz eramango zuelakoan. Denborak agerian utzi ditu Nurembergeko epaiketen zein Egia eta Adiskidetzearen Komitearen mugak, erantzukizuna aginte politikora mugatzen duen justiziak zein erantzukizunik eskatzen ez duen justiziak ez baitute lortuko egiturazko arazoak desegin eta eraldatzea. Hortik, Britania Handiko Komunen ganberak onartu berri duen lege proiektuak eragindako harridura, Ipar Irlandako eragile guztiak kontra egon arren.