GARA Euskal Herriko egunkaria
NAIZ IRRATIAREN 23-24 DENBORALDIA

Bigarren Kafe goiztiarra eta podcast berezituak dakartza NAIZ Irratiak

Goizeko eta arratsaldeko magazinen tartean berrikuntza nabarmenekin ekingo dio NAIZ Irratiak 2023-24 denboraldiari. ‘Bigarren Kafea’ goizetara pasatuko da astelehenetik aurrera (10.00-12.00) eta ‘Zebrabidea’-k hartuko du arratsaldeko lehen zatia (16.00-18.00). Lanketa sakonagoa eskatzen duten gaiei begiratzeko, podcast berezituak estreinatuko ditu denboraldi honetan.

NAIZ Irratiaren Donostiako estudioa. Gorka (RUBIO | FOKU)

Ordu, ahots eta saio gehiagorekin dator NAIZ Irratiaren 23-24 denboraldia. Analisi mahaiak indartuko ditu, goizeko eta arratsaldeko magazin berrituak dakartza eta kirol eta aktualitate emankizun bereziek tarte zabalagoa izango dute.

GOIZEAN GOIZETIK ETA ANALISI GEHIAGO

Goiztiarrenei konpainia egitera dator ‘Kutxa Beltza’ (4.00) irratiko artxiboen arakatzailea. ‘Egun on’ iratzargailu saioaren ostean ekingo dio ‘Informazioaren Haria’-ren lehen edizioak (7.00-10.00), Peli Lekuona eta Garazi Castañoren eskutik. Analisi mahaiak indartuko ditu goizeko aktualitate saioak eta bertan izango dira, besteak beste, Garbiñe Biurrun, Begoña Errazti, Iker Bizkarguenaga, Julen Mendoza, Nagua Alba, Patxi Zabaleta, Iñaki Soto, Maider Galardi, Angel Toña, Eguzki Urteaga, Ainhoa Etxaide, Iraia Oiarzabal, Aner Ansorena, Mikel Urdangarin, Xabi Murua, Julen Bollain, Ibai Fernandez, Iñaki Iriondo, Roberto Uriarte eta Maite Ubiria.

BIGARREN KAFEA
GOIZEZ, ETA ARRATSALDEKO ESKAINTZA INDARTUA
Goizeko eta arratsaldeko magazinetan aldaketa garrantzitsuak ditu denboraldi berriak. Aurreko urteetan arratsaldez eskainitako ‘Bigarren Kafea’ magazina goizez (10.00-12.00) izango da denboraldi berrian, Iñigo Asensioren gidaritzapean. Aurreko urteetako kolaboratzaile eta gaiei helduko die, baina berritasunak ere badira. Iruñe Astiz ‘Arkkuso’-ren eskutik streaming eta txiolandia munduek tarte berezitua izango dute eta Ander Parkerren eskutik zinemaren eta telesailen une gogoangarriekin jolasean ariko dira, bikoizketa eta umorea erabiliz. Josune Velez de Mendizabalen eskutik ‘Txiribuelta’ tarte berria dator, aktualitateari bigarren begirada bat eman asmoz, umoretik. Gainera, basoen eta biodibertsitatearen aberastasunak tarte berezitua izango dute, Arkaitz Sarasola Nekazaritza eta Baso ingeniariaren eskutik. ‘Kafe makina’ sekzio laburra eta ‘Azukrerik gabe’ bideopodcast formatuko mahai-inguru sakonagoak ere iritsiko dira: adi seinaleari!

Arratsaldeko ordu-tartea eskaintza indartuarekin osatuko du NAIZ Irratiak. 16.00etan Arrosa sarearen baitan hazi den ‘Zebrabidea’ magazina izango da. Solasaldi lasaiak eskainiko ditu, gizarte gaiei tarte handiagoa eskainita eta, besteak beste, Euskal Herriko museoak ezagutarazteko tarte bat ere izango du. Arrosa irrati sareko kideen parte hartzea izango du bidaide arratsaldeko magazinak.

20.00ak bitarte azken urteetan interesgune nagusi bihurtu diren saio berezituek osatuko dute arratsaldea: ‘Gelditu Makinak’, ‘Kirolari Gattun’, ‘Bidaiari’, ‘Kontatzera noazu’, ‘Bideokluba’ ‘Alde Erantziz’ eta ‘Uluka’.

KIROL ETA KULTUR GAUAK

‘KirolHaria’ 15.00etan izango da denboraldi berrian, Ion Garatek gidatuta: kirolaren aktualitatea eta protagonistak izango ditu ardatz, mahai inguru berezituekin. Gainera, kirol emankizunetan urrats berriak izango dira, Tourraren, euskal selekzioaren eta Kontxako Banderaren jarraipen berezien haritik.

Gaueko eskaintza indartzera datoz ‘Paraleloan’ (22.00) eta ‘MusikHaria’ (23.00). Lehenari dagokionez, Oihana Azkuek gidaturik, kultur sortzaileen burutapen eta hausnarketak elkarbanatzeko ganbara bat sortu du NAIZ Irratiak. ‘MusikHaria’-ri dagokionez, Iker Gurrutxagaren gidaritzapean segituko du saioak, aurreko urteen bidetik, ordutegi berriarekin, baina jatorrizko izaera galdu gabe: «Hamar minutu gutxiegi dira disko batek atzetik duen lan guztia azaltzeko»

ASTEBURUKO ESKAINTZA OSATUA

Larunbat eta igandeetan ere programazio berritua dakar denboraldiak. Goizerako euskal klasikoen tartea zabalduta (6.00-8.00) eta ‘Asteburuko Haria’-n sekzio eta kolaboratzaile berriekin. Lau igandez behin zinemaz jakin nahi ez duzuen guztia dakar aurten ere ‘Bylintx’-ek; loa kentzen duten gaiak ardatz dituen ‘Gure insomnioa’-rekin elkarbanatuko du tartea. Bideojokoen inguruko ‘Game Erauntsia’ igandeetan izango da orain (20.00) eta umoreak ere tarte berezia izaten jarraituko du: nabarmentzekoak, ‘Xatoken Moura’ eta ‘Zarramarra’.

Asteburuetako arratsaldeetan hartuko dute babes musika saio bereziek. Beste denboraldi bati ekingo diote dagoeneko bide luzea daramaten hainbat saiok. ‘Reggae Fever’-rek (igandean 19.00etan), adibidez, 15 urte bete ditu uhinetan eta ospatzekoa izango da denboraldi hau. ‘Global Musik’, ‘Revolutionary Grooves’, ‘Sateliteak’ eta ‘Gramofonoa’-k ere NAIZ Irratiaren sintonian jarraituko dute, baita ‘NAIZ Formula’-k ere, aurten Ihana Iriondoren eskutik. Musikarien fonoteka kutuna arakatzen duen ‘Beste bat’ saioa ere asteburuetan izango da (larunbat eta igandeetan 16.00etan eta 22.00etan).

PODCAST ETA ZUZENEKO BEREZIAK

Emisio jarraituaz gain, podcast berezituek ere protagonismoa izango dute. Iazko denboraldian zer esana sortu zuten, besteak beste, ‘Labankada’ fikzio sonoroak eta ‘Bideak’ erreportaje sortak. Aurten ere izango dira parekoak; denboraldi berriarekin bat estreinatuko da, adibidez, ‘Eztena’, zentsura ardatz (11. orrialdean informazio gehiago) eta antzeko ekoizpenak iragarri ditu udazkenerako ‘Bigarren Kafea’-k ere.