Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

Paralpinismoak harrapatu ditu euskal alpinista gazteak

Edu Sola eta Mikel Perez de Larraya nafarrek Peuterey-ko Integrala eta Freney-ko Zutoina eskalatu ondoren, Mont Blanc de Courmayeur-eko gailurretik parapentean hegan egin dute.

Ederra da oso ikustea euskal alpinista gazte batzuk nola egokitzen diren alpinismoaren joera berrietara. Iristen zaizkien bulkadak ondo interpretatzen dituzte eta, ondoren, ateratako ondorioak indarrean jartzen saiatzen dira.

Hori, besteak beste, Edu Sola eta Mikel Perez de Larraya nafarrei gertatu zaie. Ikusi dute paralpinismoa tresna edo bitarteko egokia dela egiten dituzten jarduerak modu oso eraginkorrean biribiltzeko eta amaiera ikusgarria emateko. Euskal alpinista gazte hauek pozarren daude formula horrek ematen dituen emaitzekin, eta azkenaldian zaila egiten zaie paralpinismoak markatutako ibilbidetik ateratzea. “Eskalatu, gailurretik parapentearen hegala altxatu eta hegan egin”, horixe da aldarrikatzen eta praktikan jartzen ari diren aldarrikapena.

Joan den hilean, adibidez, gazte nafar hauek Alpeetan aktibitate ederra egin zuten. Peuterey-ko Integrala eta Freney-ko Zutoina jarraian eskalatu zituzten. Ibilbideak Mont Blanc de Courmayeur-eko tontorrera eraman zituen, eta puntu horretatik (4.748 m) parapentearekin salto egin zuten. Hogeita hamar minutuko hegaldiaren ondoren, gazteok Courmayeur-eko herrian hartu zuten lur.

Paralpinismoak sortutako ilusioa eta motibazioa helarazi nahi izan dizkio GARAri Perez de Larrayak. Eta esan behar dugu Alpeetan egin berri duten jarduerak asko markatu dituela. Protagonista honek aitortu digu azken urteotan helburu oso zehatza izan duela buruan: «Aspalditik neure buruan iltzatuta egon da parapentea. Ederra da oso eskalada baten ondoren, parapentearekin jaistea. Baina horretarako ikastaro bat egin behar zen. Nire kide Ander Zabalza saltsa horretan sartu zen. Duela urtebete ikastaro bat egin nuen, eta Edu ere sare horretan erori zen. Mundu berri bat aurkitu nuen. Izugarria da hegan egitea! Alpeetara joan aurretik, ikusi genuen gure ingurumarian baldintza onak zeudela. Egoera hori aprobetxatu eta Edu eta biok Sabiñanigotik Sort-era hegan joan ginen. Denera, 125 kilometroko ibilbidea izan zen. Esperientzia izugarria izan zen. Irtetea pixka bat kosta egin zitzaigun, baina, ondoren, den-dena primeran joan zen. Oso gustura geratu ginen».

Parapentean eskarmentua hartu eta mendietan dituzten helburuetan praktikan jartzea baino ez zitzaien falta. Eta Pirinioetatik Alpeetara joan ziren. Perez de Larrayak arestian aipatu duenez, eskalatu eta hegan egitea dute helburu: «Gure kasuan zorte handia izaten ari gara. Azken urteotan teknologikoki asko aldatu da mundu hori. Garai batean delta hegalekin kilometro asko egiten ikusten genituen. Tramankulu astunak ziren! Parapentearekin ere ibilbide luzeak egin daitezke, eta, gainera, tresneria asko arindu da. Gure kasuan Alpeetan egin dugun aktibitaterako, parapentearen hegalak soilik kilo bateko pisua zuen. Pisua garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa, bolumena. Gu, bederen, mendean hartu gaitu parapenteak».

HEGALDI PERFEKTUA

Bi nafarrok Alpeetara bidaiatu zuten plangintza zabal batekin. Lehenik eta behin, baldintza egokiak zituen inguru bat aukeratu behar zuten. Asmoen artean, Grandes Jorasses-eko ekialdeko horma zegoen, baina glaziarra ez zegoen ondo eta bidearen goialdean mistoko tarte batzuk eskalatu behar ziren.

Plana aldatu eta, alpinista iruindarrak esan digunez, Peuterey-ko Integrala gehi Freney-ko Zutoina zain zituzten: «Peuterey-ko zeharkaldiak askoz ere arroka gehiago du, eta 4.500 metrotik gora, berriz, elurra eta izotza. Freney-tik irten nahi genuen. Izan ere, sarrerara iristea erraza da eta han bertan genuen. Gure lagun Mikel Zabalza ingurumari hartan zebilen eta zutoinaren inguruko informazioa eskatu genion. Peuterey-n sartu eta ohartu ginen oso elur gutxi zegoela. Lehen gaua Borelli aterpean egin genuen. Elurrik ez zegoenez, bagenekien Dames Anglaises-en zeozer topatzeko aukera izango genuela. Baina oso gutxi eta txarra zegoen. Biharamunean, Craveri aterpera iritsi ginen. Elur eta ur eskasiagatik egarri ginen; litro bat ur soilik afaria egiteko eta edateko. Ondorengo egunean, zorionez, elurrarekin egin genuen topo. Sei ordu atseden hartzen, edaten, jaten… pasatu genituen. Lepora heldu eta han bertan bibaka egin genuen. 4.700 metrora zegoen ISO 0. Bero horrengatik, goizeko bederatzietatik aurrera arroka asko erortzen zen».

Irteeraren lehen etapa, Peuterey-ko Integrala, patrikan zuten. Ondorengo urratsa Freney-ko zutoina eskalatzea zen. Nahiz eta krokisik ez zuten, bidea nahiko agerikoa da eta ez zuten ezustekorik izan: «Soilik La Chandelleko lau luze gogorren berri genuen. Oinarrira iritsi eta atseden hartu eta edan egin genuen. Tarte hori oso bertikala denez, estrategia zama guztia bi bizkar-zorrotan banatzea izan zen. Arinena sokaburuak eraman zuen. Gorabeherarik gabe, horma horretatik irten eta ertzera iritsi ginen. Misto txarra eta elur sakona… Han ginela, ikusi genuen Mont Blanc-eko gailurrean laino lodi bat sartu zela. Ibilbidea ez zen batere ondo ikusten; soilik metro gutxi batzuk. Tontor horretan itsatsitako lainoa nahiko egonkorra zen, baina une batez zabaldu eta Mont Blanc de Courmayeur-eko puntu garaiena ikusi genuen».

Alpeetako mendi garaienaren tontorra zapaldu eta handik parapentean hegan egitea helburu nagusia zen. Baina Perez de Larrayak adierazi duenez, puntu garai hartan ez zegoen baldintzarik hegala irekitzeko. Bi gazteek plana baztertu eta zentzuzko erabakia hartu zuten: «Helburu nagusia hegan egitea zenez, Mont Blanc baztertu eta Mont Blanc de Courmayeur-etik salto egin genuen. Azken zatia, bi mendi horiek lotzen dituena, zeharkatu gabe utzi genuen. Baina eskalatu ondoren hegan egiteko irrikan geunden. Kota hartan zeuden baldintzak perfektuak ziren hegalak zabaltzeko. Egoera hori ondo aprobetxatzeko gai izan ginen. Hegalak ireki eta segituan hegan egiten ari ginen. Ordu erdi geroago Courmayeur herriko zelai batean lur hartu genuen. Plazer hutsa izan zen! Erabat gozatu genuen, eta aktibitatea era dotore batean itxi genuen».

Esan bezala, alpinista nafarrek amaiera bikaina eman zioten Alpeetako irteera horri. Mont Blanc-eko gailurra zapaldu gabe utzi zuten, baina soilik ehun metro beherago amesten zuten hegaldia sinatzeko aukera izan zuten. Perez de Larrayaren adierazpenetatik argi ondorioztatzen da parapentearen sarean erori direla eta joera horrekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela: «Parapentearekin hasi ginenean, soilik mendi punta batetik jaisteko erabiltzeko asmoa genuen. Eta hastapen honetan hori egiten ari gara. Alabaina, ohartu gara parapenteak aukera anitz zabaltzen dituela. Goi mailako alpinista batzuk parapentea erabiltzen ari dira, adibidez, Himalaian edo Karakorumen helburura hurbiltzeko. Arranopola! Horrek ate asko irekitzen ditu. Gu, bederen, lasai eta urratsez urrats joango gara».