GARA Euskal Herriko egunkaria
KONTXAKO BANDERA 2023

Sasoiko bi ontzi indartsuenek irabazi dute Kontxa: Lugañene eta Bermeo

Lehen jardunaldian emakumezkoen eta gizonezkoen ontzien artean lehia oso estua izan zen, baina bigarrenean Arraun Lagunak-ek eta Urdaibaik alde handiz irabazi dute, erakustaldia emanda. Nesketan Donostiarra geratu da bigarren eta Orio, hirugarren. Mutiletan Zierbenak egin du bigarren, eta Hondarribiak, hirugarren.

Argazki nagusian, Arraun Lagunak-eko emakumeen poza Kontxako Bandera irabazita. Eskuinean, Urdaibai kaian garaipena ospatzen eta bertan bildutako kolore guztietako zaleak animatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kontxa emozioa da. Arrapalara gerturatu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Atzo jende mordoa elkartu zen Donostiako kaian, eta talde bat arrapalara gerturatu orduko, zaleak han zeuden zain, haienak hauspotzeko, txalotzeko edota besarkatzeko zain. Hori, noski, lortutako emaitzaren araberako izan zen. Hori bai, txalo zaparradak denentzat izan ziren. Emakumezkoetan Arraun Lagunak-ek dastatu zuen loria, eta gizonezkoetan, Urdaibaik. Bi ontzietako arraunlariek, arrapalara iritsi orduko, trainerutik jaitsi eta uretara jauzi egin zuten. Bermeotar batzuk igerian ere ibili ziren.

Irabazleen ospakizunek bi irudi utzi zituzten: bata, Xubane Uribarrena Arraun Lagunak-eko arraunlariarena. Kontxako Bandera hartu zuen, eta indartsu astindu zuen haien zaleen aurrean, gainerako arraunlariak atzean zituela bata besteari helduta. Txaranga ere bazuten “Lugañene”-koek, eta merezita. Izan ere, 2021ean Kontxa aurrenekoz irabazi zutenean, ezin izan zuten zaleekin ospatu, pandemia zela eta. Uribarrenak adierazi moduan, «arraunak zor zion taldeari halako ospakizuna».

Beste irudia Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak utzi zuen. Behin bandera hartuta, eta arrapalara bidean, ez zuen momentu batean ere askatu bandera Aranbarrik. Irmo eusten zion garaikurrari, eta ez zuen askatu nahi. Zarauztarrak zortzigarren Kontxa irabazi zuen atzo; batera du Manuel Arrillaga “Aita Manuel”, Kontxa gehien irabazi duen patroia, alegia. Historia egitetik gertu dago Aranberri. Patroia azkena izan zen trainerutik uretara salto egiten, zaleen aurrean garaipena osatzeko.

NADETH AGIRREK, AZKENA

Emakumezkoen estropada amaitu berritan Orioko traineruko txopan egon zen eguneko beste albistea. Nadeth Agirre Orioko patroiak arrauna utziko du, hamabost urteren ondoren. Orioko popan aro bat markatu du patroiak, hiru Kontxa ditu irabaziak eta beste hainbeste liga. Atzo, ordea, ezin izan zion agur esan bere kirolik maitatuenari Kontxako Bandera astinduta. Urtea «gogorra» egin zaiola adierazi zuen NAIZ Irratian estropada amaitu ondotik egin zitzaion elkarrizketan, baina hala ere, nabarmendu zuen aurten, «hainbeste garaipen» lortu ez dituzten arren, «disfrutatu» egin duela, eta «asebeteta» dagoela. Negar malkotan zegoen lemazaina, eta ez da gutxiagorako. Senideak eta lagunak zituen alboan. Gizonetan ere, Iñigo Larrinaga Ondarroako patroiak agur esan dio arraunari.

Urdaibairen eta Arraun Lagunak-en poza beste traineru batzuen tristurarekin nahastu zen. Emakumezkoetan Orioko eta Donostiarrako arraunlarien aurpegian tristura sumatzen zen, baina jakinda haiek eman beharreko guztia eman zutela eta beste aurkari handi batekin topo egin zutela. Txalotzea besterik ez zuten, eta haien aurpegietan inbidia sumatzen zen, inbidia ona, noski, Kontxa irabazteak dakarren guztia gogoan izanik.

Gizonezkoetan, Zierbenak eta Hondarribiak zuten tristurarik handiena. Bereziki, “galipoek”. Lehen txandan egin zuten arraun, eta ametsa betetzetik gertu egon ziren. Ohorezko txanda amaitu aurretik, arrapalara iritsi ziren “galipoak”. Urduritasuna nabaria zen haien aurpegietan, tentsioa ere bai. Gertu egon ziren aldaba jotzetik, baina ikusita bigarren luzean “Bou Bizkaia” haien denbora hobetzen ari zela, estropada amaitu baino lehen, trainerua pisatzera eraman zuten. Jakinda ez zutela banderarik astinduko.

INDAR ERAKUSTALDIA

Bermeok eta Arraun Lagunak-ek indar erakustaldia eman zuten atzo, bereziki poparean, eta erakutsi zuten denboraldiko ontzi indartsuenak direla, berriro ere. Urdaibaik nahierara irabazi zuen Kontxako Bandera. Hori da, behintzat, askoren sentsazioa. Haiek nahi dutenean erritmoa bizitu eta gainerako aurkariak atzean uzteko gai da “Bou Bizkaia”. Bigarren urtez jarraian irabazi du Bermeok Donostiako badian eta zazpigarrena du palmaresean. Ohorezko txandan Bermeo izan zen estropada buru hasi eta buka. Hirugarren kaletik egin zuen arraun “Bou Bizkaia”-k, eta bereziki poparean sekulako luzea egin zuen, Ligan egin ohi duen moduan. Ziabogan Donostiarra zortzi segundora utzi zuen Bermeok, 11ra Orio eta 13ra Hondarribia. Zierbena, ordea, bost segundora zuen. Bueltako bidean, bandera haiena zela jakinda ere, estropada irabaztera joan ziren bermeotarrak, eta hori ere lortu zuten. “Galipoak” baino lau segundo azkarrago iritsi ziren helmugara. Minutu erdira iritsi ziren ohorezko txandako gainerako ontziak.

Lehen txandan Zierbenaren atzetik Cabo iritsi zen, ondoren Getaria, eta azkenik, Ondarroa. “Itsasoko Ama”-k azkena egin bazuen ere, Kontxatik kanpo geratu zen, arraunlarien zerrenda garaiz ez aurkezteagatik.

ORIO, TXANDA HAUTSI NAHIAN

Arraun Lagunak-ek bigarrenez astindu zuen banderarik preziatuena, eta Ligan bezala, Kontxako badian indartsuenak direla erakutsi zuten. Azken hamar urteetan emakumezkoetan Euskotren Liga irabazi duenak, urte berean, Kontxa ere eraman du, eta atzo ere horrela gertatu zen. Ohorezko txandarako lehia ezin politagoa izan zen, zozketatik hasita. Arraun Lagunak-ek lehen kaletik egin zuen arraun, Oriok bigarrenetik, Donostiarrak hirugarrenetik eta Tolosaldeak, laugarrenetik. Teorian behintzat, hirugarren eta laugarren kaleak izan zitezkeen mesedegarrienak, baldintza meteorologikoei erreparatuta.

Estropada hasi eta berehala “mirotzak” jarri ziren aurretik, estropada hautsi nahian. Erritmo bizia ezarri zuten Patxi Francesen arraunlariek, eta haien atzetik zihoazen segundo gutxira Donostiako bi traineruak. Tolosaldeak ezin izan zuen joan den igandean brankaz egin zuen estropada bikaina errepikatu. Hasieratik oso atzean geratu baitzen Izaro Lestayo patroiak gidatutako ontzia. Santa Klara irla pasatuta, Donostiako bi traineruek aurrea hartu zioten Oriori, eta “Lugañene” jarri zen estropada buruan. Ziabogara Arraun Lagunak iritsi zen lehena, ondoren Donostiarra bi segundora, eta laura, Orio. Tolosaldeak hamar segundo baino gehiagoko galera zuen.

Bigarren luzean Donostiako bi traineruen artean egon zen lehia, baina “Kaiarriba” paladaz palada, atzean geratzen joan zen, eta Arraun Lagunak-ek sekulako erakustaldia eman zuen poparean, alde handiz estropada irabazita, eta Kontxako Banderako egun bakarreko eta bi egunetako errekor berriak ezarrita. Atzo 10:23.28 denbora ezarri zuen, eta bi jardunaldiak batuta,, 21:01.14.

Ohorezko txandan “Lugañene”-k nagusitasunez irabazi zuen bezala, lehen txandan ez zen halakorik gertatu. Lehia oso estua izan zuten Hondarribiak, Hibaikak, Kaikuk eta Zumaiak. Hurrenkera horretan zeharkatu zuten helmuga. Lau ontziak zazpi segundoko aldean sartu ziren.