GARA Euskal Herriko egunkaria

GARAIPENAREN POZA ETA AZKENAREN OROITZAPENA NAHASI DIRA KONTXAN

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak bere zortzigarren Kontxako bandera astindu zuen atzo. Nadeth Agirrek, bere azken estropadan, ezin izan zuen iazko garaipena errepikatu. Dena dela, biek ala biek bukatu dute aseta: bata, garaipenaren gozotasunean, eta bestea, ibilbide aberats eta arrakastatsuaren harrotasunean.

Orioko arraunlariak, bandera irabazi ez arren, irribarretsu, euren patroiaren azken estropadako oroitzapena pozez zipriztindu nahian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kontxako Bandera lehiatzean, kolore nahasketa izaten da nagusi, eta irribarrea protagonista. Irribarrea irabazleen ahotan, eta helburua betetzat ematen duten horienetan; porrotaren hasierako penari ere gailentzen zaio irribarrea, Donostiako kaian ohartzen baita bat egindako ibilbideaz. Nadeth Agirreren (Orio, 1993) kasua da hori: bizitza erdi arraunean eman ostean, atzo bere azken estropada lehiatu zuen Orioko patroi moduan, eta aurreko urteko garaipena errepikatu ezin izan bazuen ere, «aseta» zintzilikatuko du erramua. Baita penaz ere; denboraldia, oro har, «txukuna» izan den arren, Arraun Lagunak “mirotzak” baino koska bat gorago aritu baita, bai Euskotren Ligan, baita Kontxan ere.

«Emaitza onekin zapore gozoagoarekin geratzen zara, baina saiatu naiz disfrutatzen ahal nuen gehiena. Estropada eremuetara mentalizatuta joan naiz, azkena izango zelako, eta bandera bakoitza disfrutatzera. Lortu dut; beraz, gustura», nabarmendu du Kontxaren biharamunean, NAIZ Irratiaren deiari erantzunez.

Denboraldi osoan zehar egon den maila altua nabarmendu nahi izan du oriotarrak, eta horren erakusle da, adibidez, estropada batzuetako errekorrak hiru ontzik hobetu izana edo hiru traineru aritu izana banderen lehian. Orioren kasuan, egun bateko porrota hurrengoan bandera astinduz samurtzen zuten, baina horrez gain, eta bereziki Agirrerentzat, emozionalki gorabeheratsua izan da udara; 15 urteren ostean, bere azkena izango zenaren hautua hartuta zuelako.

Orioko emakumezkoen traineruaren eraketatik dago klubean Agirre (2010) eta, beraz, «denetik» bizi izan du: hasierako zailtasunak, eta baita azken urteetako une gozoak ere. Hiru Kontxako Bandera eta beste hiru Euskotren Liga ditu palmaresean Nadeth Agirrek. Txikitako ametsa beteta eta emakumezkoen arraunean eman den bilakaerarekin «aseta» hartuko du erretiroa. Albo batera egingo du, bai, baina gertutik jarraituko du, «noski».

URDAIBAIK, «ESTROPADA ONENA»

Oraindik etorkizuna argitu ez duena Gorka Aranberri da (Zarautz, 1987) , Urdaibaiko patroia eta Kontxako irabazlea, zortzigarrenez. Manuel Arrillaga da lemazain moduan Kontxako Bandera gehien astindu duena (bederatzi), baina zarauztarrak ez dauka erronka hori begi artean: «Urtetik urtera disfrutatzen saiatzen gara. Azkenengo urteetan irabaztea egokitzen ari zait eta, gainera, disfrutatzea. Garaipenekin disfrutatzen dela erraz esaten da, baina entrenatzen eta egunerokotasunean inoiz baino gehiago ari naiz disfrutatzen, eta horrek betetzen nau».

Denboraldi arrakastatsua ari da izaten “Bou Bizkaia” traineruarena. Bigarren urtez jarraian astindu dute Kontxako Bandera, lehen asteburuko abantaila minimoari zukua atera eta arerio guztiak txikituz. Minutu eta erdian traineru bateko distantzia atera zien bere txandako lehiakideei, eta Zierbenaren denbora adi jarraitu zuten. Marraztutako plana hasieratik trazatu zuten ongi, «Zierbenak ondo egingo zuela» beraien aurreikuspenetan ere bazegoelako, baita haizeak gora egingo zuela ere. Eta hala, uste zuten galipoak gai izango zirela kanporanzkoan 6-7 segundo jateko. «Azkenean, 5 segundo izan ziren, zazpira geneukan, gure planean denbora horiek maneiatzen genituen, eta lasai ginen. Gure plana zen 12. minutura arte dena emanda joatea eta 12. minutuan hastea Zierbenak egindako denborari begira; kezkatzekoa baldin bazen, gehiago estutzeko edo ahal zena egiteko».

«Denboraldiko estropada onena izan ez bazen, onenetakoa egin genuen, eta primeran atera zen», laburbildu du Aranberrik, zoriontsu. Orain, beste erronka bat dauka buruan: etxean, Bermeon, irabaztea, alegia. 2016tik ez du Urdaibaik etxeko bandera ospatu, eta «erronka polita izango litzateke Kontxa irabazita herrira joan eta herriko zaleei beraien aurrean garaipen hori eskaintzea».

Eusko Label Liga bigarren urtez jarraian irabaztea esku-eskura daukate bermeotarrek, bi estropadaren faltan bederatzi puntuko aldea baitaukate bigarren sailkatua den Hondarribiarekiko. Denboraldia bukatzean, deskantsuko «freskotasunean», ideiak argitu eta erabakiko du Aranberrik zer egin, «uzteko garairik onena gauzak ondo doazenean dela» iritzita.