GARA
BILBO

Derioko alkate jeltzalea izango da Eudeleko presidentea

EAJ, EH Bildu, PSE eta independenteek akordio bateratua sinatu zuten Eudeleko aginte organoak berritzeko. Lortu den akordioaren arabera, Derioko alkate jeltzale Esther Apraiz presidente aukeratuko dute astearteko batzarrean. Halaber, Azpeitiko alkate Nagore Alkorta (EH Bildu) eta Irungo Jose Antonio Santano (PSE) izango dira erakundearen presidenteordeak, orain arteko karguan jarraituko baitute.

Ohar batean EAJk azaldu zuenez, hautagaitza osatzen duten beste alkateak dira Nati Lopez de Muniain (Burgelu), Maialen Gurrutxaga (Elgoibar), Jon Luqui Albisu (Urretxu), Erlantz Urresti (Maruri Jatabe) eta Txerra Molinuevo (Amurrio) jeltzaleak; Nagore Alkortarekin batera (Azpeitia), EH Bilduren ordezkari dira Iñigo Hernando (Galdakao), Txelo Auzmendi (Asparrena), Xabier Lertxundi (Hernani), Eneritz Azpitarte (Zaldibar) eta Izaro Elorza (Oñati); Irungo Jose Antonio Santanorekin batera, PSEren ordezkaria izango da eta zuzendaritza osatuko du Mikel Torresek (Portugalete); eta proposamena ixten du Joseba Andoni Zorrilla Ruiz independenteak.

Eudel osatzen duten 245 udalek astearteko bileran berrituko dituzte gobernu organoak, Batzorde Exekutiboa zein Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lurralde Batzordeak. Alderdiek adostu duten akordioa lau organoak hartzen ditu.

Koldo Mediavilla EBBren Arlo Instituzionaleko burukide arduradunaren ustez, «nabarmentzekoa da euskal indar politikoen konpromisoa, funtsean guzti-guztiak asebetetzen dituen akordio bat osatuz, ondasun kolektibo bat ekarri nahi duena: udalak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, indartzea».

EH Bilduren ustez, lortutako akordioari esker, «ordezkaritza orekatuagoa» egongo da. «Udal guztiek batera lan egin ahal izango dute, beren erakundeak beste erakunde handiago batzuen aurrean defendatzeko», adierazi zuen Onintze Oleaga EH Bilduko udal politikako arduradunak.