GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Memoria ariketa


Orain zazpi urte Sanferminetan jazotako bortxaketaren auziari kapitulu berri bat gehitu dio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Bozka partikularra eman duen magistratuak zein bestelako adituek azalduko dituzte erabakiaren nondik norako juridikoak.

Baina ez dute horrelakorik behar euren irakurketak egitera irtendako mandatari eta arduradun politikoek. Iruñeko alkate Cristina Ibarrolak «Soilik bai da bai» legeari leporatu dio auzitegiaren ebazpena, akaso, berak izendatutako Opuseko berdintasun zinegotziaren aholkuei jarraiki. Ibarrolari ahaztu zaio bere alderdiak «La Manada» kasuan zein Nagore Lafageren erailketan izandako jokaera. Bortxaketa gertatu eta berehala milaka emakume kalera irten eta Iruñea bortizkeria matxistaren aurkako hiri erreferentea bihurtzen zen bitartean, UPNren ustez, horrelako albisteak zabaltzeak hiriaren irudia zikintzen zuen. Ahaztu zaio Ibarrolari, Enrique Maya alkate zela, Udalak Nagore Lafageren omenezko antzezlan bat debekatu zuela. Ahaztu zaie UPNkoei Nagoreren epaiketan jazotakoa eta euren inguruak auzian izandako papera. Feminismoari leporatu dio errua alkateak, Rubiales delako batek egin bezala. Bigarren honek dimisioa aurkeztu du, eta feministok, Ibarrolarekin zer gertatuko zain geratuko gara, itxaropentsu bezain indartsu.