IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Irati Irizarrek irabazi du Igartza Saria «Ilargi-kutsadura» lanarekin

Irati Irizar lazkaotarraren lehendabiziko liburua izango da «Ilargi-kutsadura» eleberria, eta bere birraitonaren hezurren bila dabilen astrologo ospetsu bat eta zinemagile frustratu bat elkartuko ditu Nafarroako Bardeako herri batean.

Donostiako Elkar dendan aurkeztu zuten atzo 2023ko Igartza Sarien irabazle Irati Irizar, mikroen aurrean.
Donostiako Elkar dendan aurkeztu zuten atzo 2023ko Igartza Sarien irabazle Irati Irizar, mikroen aurrean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Irati Irizar lazkaotarrak irabazi du 2023ko Igartza Saria, XXVI. edizioan, “Ilargi-kutsadura” lanarekin. Nafarroako Bardean kokatu du nobela, eta izarrak aztertzera doan sona handiko astrologoa izango da protagonistetako bat, izarrez gain aztergai ezkutu bat daukana: 36ko Gerran hildako bere birraitonaren hezurrak aurkitzea. Bilaketa horretan zinemagile frustratu batekin topo egingo du, zinemagileak sekta bat aurkituko du, eta zer pentsatua emango die.

Igartza Saria idazle gazteentzat sorturiko beka da, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak elkarlanean antolatzen dutena. Irizarren estreinako liburua izango da honakoa, nahiz eta «zerbait sortzeko nahia aspalditik» buruan zuen. Orain, liburua ontzeko urtebete izango du.

«Kolektiboki ixten ez diren zauriekin zer gertatzen den interesatzen zait», aitortu zuen aurkezpenean Irizarrek. Eta horregatik lotu ditu Euskal Herriko memoria kolektiboa eta horrek pertsonalki duen eragina: «Funtsean uste dut memoria pertsonalari buruzko istorio bat dela, gu izan garenari begira jartzean sortzen dena. Memoria horren berri jakiteak gure identitatea nola aldatzen duen interesatzen zait».

ZIENTZIA ETA IRUDIMENA

«Western moderno bat da» esanez sintetizatu zuen idazle lazkaotarrak bere proiektua. Azaldu zuen badauzkala westernaren zenbait ezaugarri komunean: «Altxor baten bilaketa dago, nahiz eta ez izan urrezkoa; gaizkileak daude, justiziero pare bat ere bai...».

Formazioz ingeniaria da, eta horrek liburua idazterakoan «zientziarekiko gertutasuna» eman diola azaldu du, zientzia garapenerako tresna bezala ulertzen baitu, eta datu edota bitxikeria zientifiko batzuk sartzea ere gustatuko litzaiokeela adierazi zuen. Zientziaren eta irudimenaren arteko gurutzaketak maite ditu, eta beharrezkoa iruditzen zaio lehendabizi gauzak irudikatzea, ondoren egiteko.

TXILE INSPIRAZIO ITURRI

Istorioaren ideia nondik datorkion galdetuta, Patricio Guzmanen “Nostalgia de la luz” dokumentala aipatu zuen. Atacamako basamortuan gertatutako istorio bat kontatzen du dokumentalak; leku oso berezia da izarrak behatzeko eta, beraz, astronomo asko joaten dira. Baina astronomoez gain, hezur bilatzaileak ere badaude, diktaduran desagertutako beraien senideen hezurren bila: «Historia oso ederra eta tragikoa da». Iragana orainarekin lotzeko zubiak eraikitzen ditu: «Biak iraganari begira daude; batetik, aspaldi igorritako argi horietan aztarnak bilatzen, eta, bestetik, beraien zauriak sendatzeko hezurren bila».