Marcel PENA
BILBO

Trantsizio ekosozialari buruzko topaketa burutu du Eskubide Sozialen Kartak

Su Txikien Itsasoa topaketaren aurkezpena.
Su Txikien Itsasoa topaketaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Su Txikien Itsasoa izeneko gizarte mugimenduen topaketa antolatu du irailaren 30erako, Ozetako GaraiON Sorgingunean. Jardunaldi horrekin espero dute «trantsizio ekosoziala elkarrekin pentsatu eta horren eraikuntzan elkarrekin ekiteko» bat egitea.

Atzo Bilbon egindako prentsaurrekoan, Eskubide Sozialen Kartako ordezkariek azaldu zuten ekimen honen helburua «guztion arteko harremanak estutzea, sinergiak sortzea eta partekatzen ditugun zoru komun eta erronken inguruan aritzea» dela. Mugimendu ezberdinek eremuz eremu egiten duten lana islatzeko, Su Txikien Itsasoa izena jarri diote topaketari.

Irailaren 30ean Ozetan burutuko den jardunaldiak «nola helduko diogu trantsizio ekosozialari?» galdera erantzuteko helburua du. Egun osoko topaketa izango da, 10.00etatik 18.00ak arte, eta bi zati izango ditu. Hain zuzen, sustatu nahi duten trantsiziorako funtsezkoak iruditzen zaizkien ardatzei buruz eztabaidatuko dute goizean, hala nola «planeta bizigarria guztiontzat, nola ekarri bizitzak erdigunera, lanen eta ondasunaren banaketa, burujabetzak, pertsona guztiak eskubide guztien jabe izatea, trantsizio demokratikoa eta sozialki justua eta gerrari ezetza». Arratsaldean, eremu ezberdinetako borroken berri izateko tailerrak antolatu dituzte.

Antolakuntzatik, eragile sozial, sindikal eta herri mugimendu ezberdinak eta hauen kideak animatu dituzte parte hartzera. Su Txikien Itsasoa topaketarako inskripzioa Eskubide Sozialen Kartak sare sozialetan zabaldutako estekaren bidez egin daiteke, eta jakinarazi dute bazkaltzeko zein garraio kolektiborako eskaintza egongo dela.