Amaia U. LASAGABASTER
FUTBOLA

Akordioa lortuta, futbolaren txanda heldu da azkenean

Klubak eta jokalariak gutxieneko soldata berria sinatzearekin pozik agertu dira, futbolarien baldintzak nabarmenki hobetuko dituelako eta Liga martxan jarri ahal izango delako, astebeteko atzerapenarekin bada ere.

Realaren babesle berriaren aurkezpeneko irudi bat.
Realaren babesle berriaren aurkezpeneko irudi bat. (REAL SOCIEDAD)

Ez da erreza izango protagonismo osoa berarentzat izatea, zenbait frontek irekita jarraitzen baitute, baina gutxienez lehen lerrora itzuliko da futbola. Futbol hutsa, «partidak, estrategiak, taktikak... Azken finean gehien gustatzen zaigun eta hoberen egiten duguna», nabarmendu du Amaiur Sarriegik. Eta berehala egingo du, azken hilabeteotan eta batez ere azken egunotan kluben eta futbolarien arreta eta indarrak bereganatu dituen negoziazioak amaiera zoriontsua izan baitu.

SIMA-ko bitartekarien azken proposamenak alde biak konbentzitzea lortu zuen, eta asteazkeneko gauerdian alde biek idatzi zuten beren sinadura Liga Fko jokalariek izango duten gutxieneko soldata jasotzen duen dokumentuan. 21.000 euro izango dira aurten, 22.500 datorren denboraldian eta 23.500 25/26an, partzialitaterik gabe eta handitzeko aukerarekin (23.000, 25000 eta 28.000 eurotara), sarrera komertzialen arabera. Bakea ekarri duten zenbakiak, Ligako 91 jokalarien baldintzak hobetuko dituztenak -guztien herena- eta, hala ere, futbolari guztiak konbentzitu ez dituztenak. GARAk jakin duenez, mailako 16 taldeetatik hamarretan besterik ez zuen irabazi baiezkoak.

Realean, besteak beste, aho batez onartu zen. Eta klubak atzo antolatu zuen ekitaldian -Halcon Viajesekin taldea hurrengo bost denboraldietan babesteko sinatu duen akordioa aurkezteko- nabaritu zitekeen, irribarreak besterik ez baitziren ikusten.

«Aste konplikatuk izan dira emakumezkoen futbolarentzat -onartu du Nerea Eizagirrek-. Denok jokatu nahi dugu, horretan denok ados geunden. Baldintza duinak lortu ditugu, denok pozik gaude, eta igandean jokatuko dugula da garrantzitsuena. Azken aldi honetan sentsazioa da guztiari buruz hitz egiten dela, futbolaz izan ezik. Eta garrantzitsuena futbola da. Horren gogoa dugu denok».

Gauza bera gertatzen da negoziazio mahaiaren beste aldean; nahiz eta agian akordiorako gakoa, behintzat talde zuri-urdinaren kasuan, hain zuzen ere bi alde horiek bakarra diren, helburu berarekin, elkar ulertu dutela izan omen da. Horrela pentsa daiteke Garbiñe Etxeberriak esandakoa entzun ondoren. «Guk ulertzen dugu jokalarien egoera, guk ere nahi dugu jokalariak gustura egotea eta baldintza onenetan egotea», azaldu du Realeko Emakumezkoen Kirol Zuzendariak. «Hori beraiek badakite, guk lan hori egiten dugula. Baina orokortasun batetik ikusita, perspektiba irekiagoan konturatu behar dira honek ibilbide luzea duela eta ezin dela izan “oraintxe lortu nik nahi dudana”. Goazen lan hori egitera, beraiek nahi duten hori, ibilbide luzeago batekin lortzeko». «Greba egiteko eskubidea dute eta klubak errespetatu egin du», -gaineratu du. «Baina uste dut une bat heldu dela, non lehiaketari bideragarritasuna eman behar zaiola konturatu diren, bakarrik soldatei buruz hitz egin gabe. Ikuspuntua zabaldu dugu eta konturatu direla uste dut. Une garrantzitsua izan da, eta hemendik aurrera horrela ulertzen jarraitzea espero dut, euren eskubideen alde borrokatu dezatela, baina ikuspegi zabal batekin».



Federazioaren deirik ez

Amaiur Sarriegiren ustez, denborak arrazoia eman die Espainiako Federazioaren aurrean planto egin zuten futbolariei. «Baietz esango nuke. Jende adina ikuspegi dago, baina azkenean hor zegoen zerbait publiko egin da eta gizartearen erantzun handia egon da. Publikoki eta mediatikoki babes handia jaso dugu. Ikusi da pixka bat behar diren, egon diren eta etorriko diren aldaketak. Modu batera edo bestera hau agertzea garrantzitsua zela uste dut»

Auzia amaieratik urrun dago. Zurrumurruek kontrakoa esan arren, Federazioak ez ditu deitu tinko jarraitu zuten jokalariak, selekzioaren ateak zabaltzeko. «Niri behintzat ez dit inork deitu eta inork ezer esan», esan du Sarriegik. A.U.L.