Iraitz MATEO
DONOSTIA

EH Bilduren erronka nagusia: nazio auzia

Erakunde ezberdinetako EH Bilduko hautetsiak, atzoko lan saioan.
Erakunde ezberdinetako EH Bilduko hautetsiak, atzoko lan saioan. (Maialen ANDRES | FOKU)

«Erlojuak sinkronizatzeko» lan saioa izan zuen atzo EH Bilduk. Donostiako Miramar Jauregian elkartu ziren Gasteizko eta Nafarroako parlamentuetako hautetsiak, Madrilgo Kongresuko eta Senatuko ordezkariekin batera, urte politiko berrirako lan ildoak partekatzearren.

Unai Urruzunok EH Bilduren helburu nagusiak azaldu zituen eta hiru nabarmendu zituen. Aurrena eta erronken «nukleoa» izango dena: naziotasunaren eztabaida egitea eta erabakitzeko eskubidean sakontzea. Agenda soziala izango da indarra hartuko duen bigarren erronka. Azaldu zuen «garaiko erronkei, erantzun partekatuak» eman behar zaizkiela, eta egiturazkoak diren arazoei aurre egiteko «estatu paktuak egiteko eskua zabalik» duela EH Bilduk. Gaineratu zuen alor batzuetan ere aldaketak eragin behar direla: «Kudeaketa politiko konkretu baten ondorioak bizitzen ari gara eta aldaketak eman behar dira hezkuntzan, euskaran, energian, zaintzan, etxebizitzan, osasungintzan eta bizitzaren garestitzean». Eta hirugarren lan eremu nagusi gisa, bakegintza eta bizikidetza aipatu zituen: «Herri honek oraindik ez du justiziazko eta eskubide guztiak onartuak dituen agertokirik ezagutzen».

ALDAKETEN PREMIA.

Nerea Kortajarenak adierazi zuen Gasteizko Legebiltzarrean nazio auziaren eztabaidan «herri akordio historikoa» eraikitzeko unea dela; eta bestetik ziurtatu zuen herri honek ezin duela EAJren zain gehiago egon eta EH Bilduk «modernizazio prozesurako jauzi bat egiteko» proposamenak egingo dituela. Besteak beste, burujabetza estrategikoa eta zerbitzu publikoak eraldatzeko hausnarketak, ezagutza sistema berritzea edo ongizate egiturak aldatzea aipatu zituen.

Nafarroara begira jarri zen Laura Aznal, eta lau erronka nagusi azaldu zituen: zerbitzu publikoak indartzea; eskubideak zabaltzea, azpimarra berezia eginez hizkuntz eskubideei; autogobernuan aurrera urratsak egitea, «Nafarroa subjektu politikoa delako eta erabakitzeko eskubidea izan behar duelako, herritarren bizi baldintzak hobetzeko»; eta, azkenik, larrialdi klimatikoari urgentziaz aurre egitea. Horretarako guztirako lege propioak egingo dituztela azaldu zuen.