GARA Euskal Herriko egunkaria

Lau txapeldun lehian Nafarroan, bertsolaritzaren une gozoaren isla

24 bertsolari, horien artean lau txapeldun, zortzi saio eta orain arte inoiz txapelketa jaso ez duen herri bat, Viana. Finala Iruñean jokatuko da, abenduaren 2an. Hauek dira, labur bilduta, urriaren 7an abiatuko den 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketaren adierazgarriak. Bertsoen denboraldia, beraz, bero-bero dator, urriaren 1ean abiatuko baita aurtengo Bizkaiko txapelketa ere, Mungian.

Atarrabian atzo egindako aurkezpenean partaide anitz bildu zen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Iritsi da aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa, berrogeita seigarrena. Azkenekoa, 2021ekoa, ziurgabetasun erabatekoan egin zen, pandemia baten erdian. Egun, zorionez, bertso plaza berreskuratzen ari dela esan daiteke eta, horren adierazle, atzo goizean Atarrabian egin zen aurkezpena; berreskurapen bide horretan, ale berri bat gehitzera dator urriaren 7an abiatuko den Nafarroako txapelketa. Zortzi saio izango dira denera, beste horrenbeste udalerritan, eta finala Iruñean jokatuko da, abenduaren 2an. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian.

Bi hilabetez zeharkatuko du Nafarroa 2023ko txapelketak. Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz. «Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskainiko du txapelketak, eta bertsolaritzaren eta, oro har, euskarazko kultur sorkuntzaren bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izango da», Bertsozale Elkarteak gogorarazi zuenez.

LAN ISILAREN FRUITU

Nafarroako bertsolaritza une gozoan dela dator 46. Txapelketa. 2021eko edizioan, Anaitasunako finala inoizko jendetsuena izan zen. Eta azken Bertsolari Txapelketa Nagusian ere toki nabarmena izan zuen Nafarroak. Bai, zer esanik ez, Iruñeak jaso zuelako final handia, baina baita nafar bertsolariek txapelketa osoan zehar eskainitako mailagatik ere. «Baina hori guztia ez da bat-bateko lorea, urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu baizik, eta hezkuntzaren alorrean bertsolaritza transmititzeko egindako lan eskergaren ondorio zuzena da. Egitasmo horiek baliabideak eta bultzada beharko dute hemendik aurrera ere, fruituak ematen segitu dezagun», gehitu du elkarteak.

29 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin aurre-kanporaketak igarota, 24 izanen dira Iruritan abiatuko den ibilbidean. Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketak, beste horrenbeste udalerritan. Izan ere, Nafarroako Bertsozale Elkarteak bere egitasmoa eta bertsolaritza Nafarroako lurralde osora hedatzeko apustuan, urrats berri bat emango du aurtengo txapelketan. Lau final-laurden izango dira guztira, Iruritan, Vianan (txapelketaren historian lehen aldiz), Uharten eta Agoitzen. Hor arituko diren 24 bertsolarietatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara.

FINALA, ANAITASUNAN

Fase horretan hiru saio izango dira, Altsasun, Agoitzen eta Lesakan. Azkenik, Iruñean jokatuko da finala, abenduaren 2an, larunbatez, Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari ariko dira bertan, finalaurrekotatik sailkatutakoak. Zortzi horien artean, saioan zehar puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute. Hor erabakiko da 2023ko txapelduna.

Parte hartzaileei dagokienez, anitza da ordezkaritza. Lau parte hartzaile berri izango dira (Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena eta Fernando Ziganda), eta baita txapelketan aspalditik parte hartzen duten beste hainbat ere.

Aurten, gainera, lau txapeldun ariko dira: Julen Zelaieta, Julio Soto, Xabier Silveira eta egungo txapelduna den Saioa Alkaiza. Sarrera guztiak eskuragai daude dagoeneko, eta saioen egunean bertan ere jarriko dira leihatilan salgai, betiere Internet bidezko salmentan agortu ez badira. 17.30ean hasiko dira saio guztiak, finala izan ezik; hau, 17.00etan hasiko da.