Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
OSASUNA

Etxetik kanpo hirunaka biltzen segitu nahi du

Pablo Ibañez Osasunako jokalaria.
Pablo Ibañez Osasunako jokalaria. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Osasunako jokalariei ondo etorriko litzaieke bi asteko atsedenaldia, indarrak berreskuratze aldera. Izan ere, abuztua partidaz beteta izan dute, Konferentzia Ligako kanporaketa tarteko. Gaur, Getaferen aurka neurtuko dituzte indarrak Madrilen, 14.00etan. Txapelketa hasiera honetan, Jagoba Arrasateren taldeak puntuak hirunaka bildu ditu etxetik kanpo: Celtaren (0-2) eta Valentziaren aurka (1-2). Etxeko partidei dagokienez, ordea, ezin du gauza bera esan. Are gehiago, ez du puntu bakar bat ere zakuratu, ez Athleticen aurka (0-2), ez Bartzelonaren aurka (1-2).

Arazo horri hurrengo asteburuan helduko dio Osasunak, gaur etxetik kanpo jokatuko baitute. Bisitari gisa txanponaren alde gozoa ari dira dastatzen gorritxoak. Ez du aurkari erraza izango, baina. Jose Bordalasen taldea izango dute parean, eta Alacanteko entrenatzaileak gidatutako taldeak oso deserosoak izaten dira, jokatzen uzten ez duten horietakoak. Getafek partida osoan kontzentratuta egotea eta erritmo altuan aritzea exijitzen du.

Hain justu, Jagoba Arrasatek atzo emandako prentsaurrekoan nabarmendu zuen talde gutxik lortzen dutela Getaferen aurka beren jokoa egitea: «Badakigu aurkari zaila izango dela. Talde indartsua da, eta etxean gehiago. Ez du golik jaso, Alavesi irabazi zion, eta Bernabeun partida bikaina jokatu zuten».

2008TIK GARAIPENIK EZ

Osasunak hobetzeko arlo bat du: jasotako golak. Lau partidetan bost gol jaso ditu, eta horretan ere jarri zuen begia prestatzaile gorritxoak, nabarmenduta, «defentsan sendoak» izan behar dutela, eta hori «kontuan hartu» beharko dutela, «bihar emaitza on bat lortzeko». Osasunak 2008tik ez du garaipenik lortu Getaferen zelaian. Bolada txar hori amaitzea izango dute helburu gorritxoek.

Arrasateren esanetara egongo diren jokalariei dagokienez, Jon Moncayolak min hartuta jarraitzen du, eta zenbait egun gehiago beharko ditu osatzeko. Unai Garcia ere ez da jokatzeko moduan egongo, belaunean arazoak dituelako. Alejandro Catenak ere ez du jokatuko, txartel gorria atera baitzion epaileak Bartzelonaren aurkako partidan. Gauzak horrela, litekeena da Jorge Herrando berriro ere hamaikakoan egotea, Kataluniako taldearen aurka egin bezala.