Eli PAGOLA
Bertsolaria
JOPUNTUA

Gero eta azkarrago

Elkarrizketa baten lekuko isila izan nintzen. Batzuetan parte ez zaren elkarrizketetan adi-adi murgiltzen zara eta zu bertan ez bazeunde bezala aditzen dituzu hizlariak. Edo, agian, badakite hor zaudela baina ez dute erreparorik, edo hitzak zertxobait neurtu eta hor zaudenik ohartu ez direnen plantak egiten dituzte.

A esaten ari zitzaion B-ri errepidean mantso ibiltzearen gero eta aldekoagoa dela, autoan bestela izaten ez dituen burutazioak izaten dituela, abiaduran joatean oharkabean pasatzen dituela zenbait detaile (askotan ez hain txikiak) eta gustatzen zaiola une horiek luzatzea eta gozatzea. B xaxalari hasi zen, iradokiz hori mugikorrik gabe joatearen ondorioa izan zitekeela eta, beraz, kontua ez zela autoan mantsoago ibiltzea, begiak (arreta, funtsean) pantailatik askatzea baizik. A-k ez zion uko egin, jakina, baina bere kasa lortu ez duen liberazioa autoan daraman abiadurak ekarri izana ez zaio balio gutxiagokoa iruditzen. B ez zegoen konbentzitua izateko eta, egun, autoak zerbaitetarako badira azkar joateko direla bota zuen: «Gero eta auto hobeak, seguruagoak eta ahalmen handiagokoak ditugu, eta errepideak ere bai, zabalagoak, garatuagoak eta seinalizatuagoak; beraz, zer zentzu du lehengo abiadura mugen barruan mantentzeak?». Zioenez, hori ordenagailuei sistema mantsotzaile bat gehitzea bezain absurdoa da, azkarrago funtzionatu ahal izateko modua egin ondoren ez baliatzeko. A-k, hizketa lagunaren bidea bihurrituz, gehitu zion ordenagailuak ez ezik mundua dela gero eta azkarrago-ka dabilena eta, horren aurrean, sistemari sabotaje txiki partikularra dela geldotasuna, satisfazio puntu bat sentitzen duela bideko bere geldotasunak gainerakoena eragin eta euren amorrutxoa igartzen duenean. B-k leziotxoa eskaini zion, beti munduaren kontrara ibili beharra garesti atera dakiokeela eta.

Konforme edo ez, bertan utzi zuten. Ur trago bat hartu bitartean, gai jartzaileak beste gai bat proposatu zuen, baina ez nuen entzun; abiadurarenean geratu nintzen, ez aurrera, ez atzera.