Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
ARRAUNA

Urdaibai gailendu da Bermeon, eta liga bederatzigarrenez irabazi du

Etxeko estropada irabazita, -2016tik ez zuten lortzen- Urdaibaik bigarrenez jarraian irabazi du liga eta Kontxa. Donostiarrak egin du bigarren, eta Zierbenak hirugarren. Bestalde, kanporaketetan lehia oso estua izan da, eta Hibaika eta San Pedro gailendu dira.

Urdaibaiko arraunlariak Bermeoko Ikurrineko garaipena ospatzen, baita liga irabazi dutela ere.
Urdaibaiko arraunlariak Bermeoko Ikurrineko garaipena ospatzen, baita liga irabazi dutela ere. (Oscar MATXIN EDESA | FOKU)

Urdaibaik amaiera ederra eman zion atzo ligari: zazpi urteren ondoren Bermeoko Ikurrina astinduta, eta Eusko Label Liga bederatzigarrenez irabazita -2004, 2007, 2008, 2010, 2016, 2017, 2018, 2022, 2023-. Horrez gain, urte berean liga eta Kontxako Bandera irabazten duen laugarren aldia da -2010, 2016, 2022, 2023-. Gaurko Portugaleteko azken estropadaren faltan lortu du koroa Iker Zabalaren taldeak. Ligan jokatu diren hemezortzi estropadetatik 11 irabazi dituzte bermeotarrek, eta hamar bandera astindu.

«Urtea labur egiten da horrelako kasuetan», esan zuen Zabalak, ETBko kameren aurrean. Eta ez da gutxiagorako. Gorka Aranberri patroia ere pozez zoratzen zegoen. «Aste oso ona egin» dutela nabarmendu zuen, eta aste bukaeran, saria iritsi zen.

Honela atera ziren ohorezko txandako traineruak: Donostiarra lehen kaletik, Zierbena bigarrenetik, Urdaibai hirugarrenetik, eta Hondarribia laugarrenetik. “Ama Guadalupekoak” ez zuen zorte handirik izan kalearekin, eta lehen ziaboga pasatu orduko, banderaren lehiatik kanpo geratu zen. Donostiarrak indartsu hasi zuen estropada, eta aurretik jarri zuen branka. Zierbena eta Urdaibai zituen segika, “Galipoak” zertxobait atzerago. Bigarren luzean “Bou Bizkaia” eta “Torrekua II” parez pare joan ziren, eta mokoka jardun ziren hirugarren birara arte. Orduan hasi zen “Bou Bizkaia”-ren indar erakustaldia, bandera astintzeko.

Bukaeran, Zierbenak kasik Donostiarra aurreratu zuen, baina azkenerako, hirugarren egin zuten. Urdaibairekiko, Donostiarra bost segundora iritsi zen, eta Zierbena, seira. Hondarribia atzean geratu zenean, erlojupeko lana egitea besterik ez zuen. Oriok lehen txandatik egin zuen denbora hobetze aldera. Ez zuten lortu hori egiterik, eta sailkapen nagusian, Zierbenak puntu batera murriztu du aldea. Gaur erabakiko da bigarren postua nork eskuratzen duen; puntuetan berdinketa badago, Zierbena izango da txapeldunorde, bandera bat gehiago astindu duelako.

PLAY OFF

Kanporaketetan, emakumezkoen zein gizonezkoen estropadak oso parekoak izan ziren. Gizonezkoetan zortzi segundoko aldean sartu ziren traineru guztiak, eta emakumezkoetan, hiru segundoan. Hibaikak irabazi zuen erlojupekoa. Errenteriako ontzia atera zen lehena, ondoren, Kaiku eta azkena, Zumaia. Lehen ziabogan, Errenteriako ontzia eta “Bizkaitarra” denbora berean heldu ziren, eta “Telmo Deun”, segundo batera. Oso estua zegoen estropada, eta, Natalia Tubio Hibaikako patroiak esan zuen moduan, «konfiantza izan du egiten ari ziren lanean», arraunketa mantenduta eta presa alde batera utzita. Horri esker, lehen hiru puntuak poltsikoratzea lortu zuten, eta lehen pausoa ematea hurrengo urtean gorenean jarraitzeko.

Gizonezkoetan Santurtzik egin zuen azkena kanporaketetan. Hori izan zen atzoko titularra. “Itsasoko Ama” zen faborito nagusietako bat, baina kolpe galanta jaso zuen. Ezinezkoa ez, baina oso-oso zaila dute. San Pedrok irabazi zuen erlojupekoa. Atzekoz aurrera egin zuten, eta lehen ziabogatik aurrera, denborarik onenak markatuz hasi ziren, ziabogak pasatu ahala. “Libia” ontziak oso bideratuta du gaur, Portugaleten, kanporaketetako lehen bi kosketan geratzea. Bueuk egin zuen bigarren, Ares, Galiziako txapeldunaren aurretik. Lapurdi laugarren izan zen.