Manex ALTUNA
ATHLETIC

Villalibreren zoriontasuna, gola egin eta Mendizorrotzara itzulera

Joan den denboraldian Alavesekin Lehen Mailara igo ostean, Gasteizen bizitakoa beti «bihotzean» eramango duela aitortu zuen Gernikako aurrelariak, Cadizen aurka ikasturte berriko lehen gola sartu eta Williamsek berea egiteko azken pasea eman ostean.

Asier Villalibrek denboraldiko lehen gola ospatu zuen San Mamesen Cadizen kontra.
Asier Villalibrek denboraldiko lehen gola ospatu zuen San Mamesen Cadizen kontra. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Asier Villalibre izango da ostiral gaueko derbiko protagonista nagusietako bat. Joan den ekainean, Alaves Lehen Mailara bueltatzeko erabakigarria izan zen penaltia sartu zuen eta, hiru hilabete beranduago, Mendizorrotzara itzuliko da Athleticekin. Gernikako aurrelariak une gogoangarriak utzi zituen bere tronpetarekin Andre Mari Zuriaren plazan egindako ospakizunetan eta toki bat bereganatu du talde gasteiztarraren historian.

Alavesera iritsi zen lehen unetik zaleek esku zabalik hartu zuten eta egindako sei golekin jokalari garrantzitsua izan zen igoera lortzeko. Horrez gain, oso tipo maitekor eta umila da eta bere bizarrarekin taldearen ikurretako bat bilakatu zen harmailetan eta zelaitik kanpo. Gasteizen bizitakoa beti «bihotzean» eramango duela onartu zuen jokalariak eta horregatik partida «berezia» izango dela berarentzat.

Athleticek utzita bidali zuen eta kontratua luzatu zion 2025era arte irten aurretik. Udan zehar Alaveseko kirol arduradun Sergio Fernandezek hainbatetan aipatu du Villalibre fitxatzeko interesa zutela. Athleticetik, aldiz, Mikel Gonzalez kirol zuzendariak ziurtatu zuenez, klubaren eta jokalariaren asmoa Bilbon geratzea izan da hamaikakoetan toki bat bereganatzeko helburuarekin.

“Bufalo”-k ez zuen eztabaida edo zalapartarik sortu nahi izan Cadizen aurkako partidaren ostean eginiko adierazpenetan. Iraganean gertatutakoak ez duela axola eta gehiago jokatu nahi duela nabarmendu zuen. Ligako lehen bost jardunaldietan 37 minututan bakarrik parte hartu du. Betisen eta Cadizen kontrako norgehiagoketan utzi zuen aulkia bigarren zatian.

Zortea alde izan zuen bigarren partidan. Zelairatu bezain laster ukitu zuen lehen baloia barrura bidali zuen buruarekin. Escalantek gaizki aldendu zuen eta Villalibrek bigarren zutoinean harrapatu zuen baloia. Golak indarra eman zion eta partidaren hondarrean buruz eman zion azken pasea Iñaki Williamsek gola sartzeko. San Mamesen aspaldi ikusi gabeko jokaldia izan zen. Unai Simonek luze atera zuen eta Gernikako aurrelariak goitik irabazi zuen baloia.

LEHIA ETA BESARKADA

Adurizek erretiroa hartu zuenetik ordezkoa aurkitu ezinik egon da Athletic azken denboraldietan. Villalibrek donostiarrak eta Urzaizek bere garaian eramandako 20 zenbakia hartu zuen aldagelan, baina ezin izan du hamaikakoetan egonkortu. 2016an egin zuen debuta lehen taldearekin harrobian gol mordoa egin ostean. Irailaren 30ean 26 urte egingo ditu eta bere ibilbidean hainbat gorabehera izandakoa da. Numantzia, Lorca eta Valladolidera utzita joan zen, baina ez zuen jokatu eta etxean berrasmatu behar izan zuen. 23 gol egin zituen Bilbao Athleticekin, eta Garitanorekin lehen taldeko ateak ireki zitzaizkion. Marcelinoren lehen denboraldian pauso bat aurrera eman behar zuela zirudien 6 gol egin ondoren, baina bigarren sasoian lesio ugari jasan zituen.

Valverderekin denboraldiaurreko golegile nagusia izan zen. Hala ere, minuturik gabe geratu eta Alavesen konfiantza berreskuratzera joan zen. Aurrelariak golak egitetik bizi direla aipatu zuen eta agerian utzi zuen bere poztasuna.

Iñaki Williamsek erdiko aurrelari gisa hasi zuen denboraldia Real Madrilen aurka. Hurrengo jardunaldietan Guruzeta zelairatu du Valverdek Williams eskuin hegalera mugituz. Donostiarrak hiru gol egin ditu eta aurrea hartu die postu berean joka dezaketen taldekideei.

Villalibrek Guruzetarekin lehiatzeko prest dagoela aipatu zuen. Raul Garciak ere goian joka dezake. 37 urterekin kontratua berriztu zuen, baina inoiz baino gutxiago jokatzen ari da. “Bufalo”-rekin harreman bikaina dauka. Horregatik, gola sartu eta Raul Garcia besarkatzera joan zen Villalibre. Horrelako keinuek ere ezberdina eta berezia egiten dute gernikarra.