GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Bada garaia EBk bere prestigioa emendatzeko


Hala gerta zitekeen susmoa bazegoen ere, ez da albiste ona Europako Batasuneko estatuek euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasunari buruzko erabakia atzeratu izana. Atzo goizean izan zen, Espainiako Kongresuak hizkuntza koofizialak bertan erabiltzeko aukera emango duen lege aldaketa tramitatzea onartu zuen egun berean. Bruselan bildutako atzerri ministroek, ordea, EBko Kontseiluaren irizpen juridikoa behar dute, hizkuntza europar horien ofizialtasunak lekarzkeen ondorioen inguruan, eta eragin ekonomikoaren eta praktikoaren azterketa.

Ez da albiste ona atzo Bruselatik iritsi zena, baina nekez harrituko zuen inor. Izan ere, EBren ohiko jardunbidea da. EBk europar herritarrak ala europar Estatuak ordezkatzen ote dituen galdera erretorikoa da. Hizkuntza bat Batasuneko lan hizkuntza izateko lehen urratsa Estatu horietako gobernuek egin behar dute, eta Espainiako Gobernuak lehen urrats hori egin du, eskabidea eginez. EBko atzerri ministro gehienek argi utzi zuten atzo eleaniztasunarekiko konpromisoa, «europar identitatearen funtsezko alderdia» baita. Horrelako aldarriak ez dira falta izaten, mota guztietako eskubideen aldeko aldarriak, eta atzo hizkuntza eskubidea zegoen eztabaidan; hala ere, beste hainbatetan bezala, hitzetan gelditu zen, eta Europaren kultura ondare preziatu hori, adierazpen arranditsuen edergarri gisa. Nolanahi ere, eragin ekonomiko eta praktiko handiagoko beste hainbat erabaki aurrera ateratzeko, ez dute inongo irizpen juridikoren beharrik izaten.

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Europako lurralde hizkuntzak sustatzeko erakunde ELENeko beste hainbat ordezkarik Bruselan esan zutenez, oraingo egoera argi eta garbi kaltegarria da hainbat herritarrentzat, eta Europa mailako estatus ofiziala funtsezkoa da hizkuntza eskubideak babesteko, herritarrek beren hizkuntzan Europako erakundeetara jo ahal izan dezaten. Hartara, onuragarria litzateke hizkuntza horien prestigioa emendatzeko, baina baita EBrena berarena ere; herritarren aurrean, asmo oneko aldarrietatik harago, hizkuntza aniztasuna, eskubide guztiak, benetan babestuz.