GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal Herria Burujabe ekimenaren egitaraua aurkeztu dute


Euskal Herria Burujabe izeneko topaketak iraganen dira urriaren 7 eta 8an Baionan.

Krisi klimatikoaren testuinguruan, jendarte antolaketan zein bizi-baldintzetan aldaketa sakonak gertatzen ari diren honetan, besteak beste, tokiko garapen ekonomikoa, energiaren aurrezpena, elikagaien ekoizpena edota uraren kudeaketa izanen dituzte aipagai topaketa horien karietara antolaturiko hitzaldi, eztabaida, erakusketa eta tailerren bidez.

METAMORFOSIA

Baionako Panecau karrikako zubian atzo eginiko agerraldian eman zituzten antolatzaileek topaketa horien gaineko azkeneko xehetasunak.

Euskal Herria Burujabe ez dela «diagnostiko batekin gogobetetzeko» topaketa, baizik eta «lurraldeak eraldatzeari begira palanka-lanak identifikatzeko hitzordua» azaldu zuten.

Metamorfosi ekologikoa azkartzeko tresnak gizarte kolektiboen eremuan zein zuzenbidearen edo ekonomia jasangarriaren alorretan izan badirela nabarmendu zuten Bizi kolektiboko kideek.

Orotara berrogei bat mintzaldi antolatu dituzte, Paueko eta Aturri Aldeko Herrien Unibertsitatearen egoitzan, Euskal Herria Burujabe ekimenaren karietara.

Hemendik bederatzi hilabetera europar hauteskundeak izanik, Manon Aubry, Pierre Larrouturou eta Marie Toussaint europarlamentariekin batera Europako aferetako aditu Neil Makaroff helduko da topaketara.

Bestalde, kontzertuak, alternatibei buruzko ekimenak ikusarazteko azoka handia eta ikusgarriak ere proposatuko ditu Euskal Herria Burujabek.