GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Frontex, inpunitate ozeanoa Iruñean


Mugak eta kostaldeak zaintzeko Frontex agentzia, protesten artean, Iruñean batzartu da. Europako agentzia boteretsuena da, aurrekontu mailan eta langile kopuruan, handiena. Botere handi batekin erantzukizun handi bat datorrela dio esaera famatuak, baina Frontexen kasuan, berezkoak dituen gardentasun eskasiak, kontrolgabekeriak, eta ustez Europaren bihotzekoak diren balore eta eskubideen zapalketak erakusten dutena beste zerbait da: erabateko arduragabekeria. Bere egitekoa mugak zeharkaezin bihurtzea da, Europa arrakalarik gabeko gotorleku gisa eraikitzea, oinarrizko giza eskubideen enbarazurik gabe. Frontexek, eta hura babesten duten gobernuek, tresna indartsuak dituzte; erantzukizunez erabiliko balituzte, Europara sarrera segurua ukatzen zaienentzat Mediterraneoa ez litzateke hobi komun bilakatuko. Hori delako egin dutena, beren egitekoa gorabehera.

Erantzukizunean sinetsiko balute, Frontex bultzatzen duten estatuek ez lukete milaka milioi euro xahutuko, jendea duintasunez eta ziurtasunez bizi ahal izango den mundu bat sortzen beharrean, murruak eraikitzen, mugak txarrantxaz betetzen eta segurtasun sistemetan inbertitzen. Erantzukizunean sinetsiko balute, Frontexek ez lituzke neurri gero eta drakoniarragoak onartuko, «jendaila» horri Europara hurbiltzeko ideia burutik kentzeko. Bizitzak salbatzen ahaleginduko lirateke. Errefuxiatuak ez lituzkete itsasoan itotzen edo basoetan galduta utziko, bidaia arriskutsu horietara bultzatzen dituzten arrazoiak desagerrarazteko lan egingo lukete.

Zoritxarrez, Frontex bezalako agentziak zuzentzen dituzten botereek ez daukate erantzukizunez jokatzeko inolako asmorik. Migrazioaren kriminalizazioa normaltasun berria egin da, eta «legez kanpoko» deituak direnen aurkako «gerra» gotorlekua eta politika gizagabeak sendotzeko erabiltzen ari dira. Ez luke horrela izan beharko. Frontex agentziak bere botereak erantzukizunez erabiliko balitu, Europa benetako aterpe bilakatu ahal izango litzateke. Edo beste hitz batzuetan esanda, bizitza, mugak, paperak edo migrazioaren zenbaki eta datuak baino gehiago baloratuko litzatekeen leku batean.