GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
GORKA CABELLO
Garraio proiektuaren sustatzailea

«Lokala ez nuen hain nirea sentitzen eta dena etxean egiteko erabakia hartu nuen»

Punk-rock kaliforniarrarekin Uribe-Kosta, Urola-Kosta eta Lapurdiko Kostaldea etortzen zaizkigu askori burura. Bertako hainbat taldek jorratu izan dute gisa horretako musika, baina barnealdean ere badira estilo hori gogoko dutenak. Gorka Cabello da horren adibide, Garraio proiektuaren burua. Izen horren atzean, bere bigarren lana dago: ‘‘Ihes egiteko’’.

(Maitane CAMPOS)

 

Nola sortu zen Garraio?

Unibertsitateko hirugarren mailan nenbilen, eta Ainke taldean jotzen nuen orduan. Gradu amaierako lan bezala halako proiektu bat nuen esku artean, eta, pop-punk hori bazegoenez nire buruan, hortik hasi nintzen guztia egiten. Talde baten estetika, sareak eta irudiaren hori dena lantzea zen gradu amaierako lanaren funtsa, baina uste baino gusturago jardun nuen sormen lan horretan. Hartara, bigarren disko bat atera dut. Oraindik ez dakit mundu honek nola funtzionatzen duen, 2022ko lanaren ostean 2023an hau egitea erabaki dudan arren.

Proiektua nola garatu duzu, lokalean edo etxean?

Dena digitala da eta lokala oraintxe eskuratu dugu talde moduan, 2018an eskatu genuen arren. Hortaz, oraindik lokala ez nuen hain nirea sentitzen eta dena etxean egiteko erabakia hartu nuen, gusturago aritzen nintzelako bertan lanean. Gitarrak-eta nik jo ditut, baina dena plugin-ekin dago eginda, soinu txartel bidez. Eduki, baditut anplifikagailuak eta halakoak, baina ez daukat grabaketarako material egokirik.

Logeletako proiektuek gertutasuna ematen dizuete?

Lokalean kantu bat egiten bakarrik zaudenean, espazioarekin ez duzu konplizitaterik sortzen. Lokalean beste pertsonekin sortzen duzunean, emaitza bat da eta, etxean egiten duzunean, beste ikuspegi bat izaten du, kontrakoa.

Hasi eta buka zuk egin duzu dena «Ihes egiteko» bigarren disko honetan?

Bai, nahasketak eta masterra nik egin ditut, proiektu honetarako nire burugogorkeria aprobetxatu dut. Nahasketak eta masterizazioa beste norbaitek egin izan balitu, ziurrenik bukaerako emaitza hobea izango zen, baina ez dakit, errekurtso faltak edo burugogorkeriak eraginda, dena nik egitea erabaki nuen ‘‘Ihes egiteko’’, diskoan.

Kalifornia eta Kanadako musika taldeak ere hor daude, punk-rock eta hardcore melodikoaren bueltan kantuak sortzen, zugan eragina izan dutenak, baina autotunea erabiltzen duzu. Lotsagabekeria hutsa da edo ahotsa tapatzerainoko lotsak eraman zaitu horretara?

Lotsagabekeriak ezbairik gabe, Ainke taldearekin badudalako disko bat nire ahotsarekin grabatuta. Proba egin nuen autotunea estilo honetan nola geratzen zen ikusteko, eta asko gustatu zitzaidan, hortaz, zuzenekoetara hau horrela eraman nahi nuenez, diskoa hasi eta buka tresna honekin egin dut. Gustatu zait kantuetan lortzen den efektua.

Autotunea drill munduan ari ginen ikusten orain arte, izan daiteke drill munduan zegoen jendea punkera etortzen ari denaren seinale?

2014an trapa egiten zuen jendea oso punkia zen, Zuk Zeuk Egin mugimendutik zetozen, errekurtso falta zuten… Orain egia da jende asko ari dela punka egiten eta askori nabaritzen zaio ez duela sekula estilo hau entzun, batez ere letrak eta musikak ez dutelako bat egiten, ezta jarrerak ere. Klixe asko ari dira erabiltzen. Baina bueno, bakoitzak egin dezala nahi duena.

College-punk honek nerabezaroan askori eragin digu, zuk estetika hori letretan mantendu nahi izan duzu, mezuetan ere hortik ari zarela esango nuke.

18 urterekin ez nuen musikarik idazten, pandemia ostean hasi nintzen egiten ari naizen guztia sortzen. Hamazazpi-hemezortzi urte zituen Gorkaren kontuak ari dira orain irteten, aspaldiko kontu bezala ikusten ditut, nahiz eta 23 urte ditudan. Eta, denbora askorik pasa ez den arren, oso azkar joan dira azken urteak.

«Hitzik esan gabe» entzun nuen lehenengoan, Blink 182 taldearen balada kutsuko kantu bat iruditu zitzaidan.

‘‘Self title’’ diskoa 17 urterekin entzun nuen eta haien logoa ere tatuatuta dut. Erreferente nagusiak izan dira Blink 182.

Dena dela, drill ukitua eman diozu. Nondik etorri zaizu burutazio hori?

Denetarik entzun dut, estilo askotariko musikatik edan dut. Gauza da Travis Barker Blink 182 taldeko bateria-jotzaileak ia-ia nire amamarekin ere kolaboratu duela azkenaldian. Raperoekin ere ibili da, eta ez dira akaso nire estilokoak, Machine Gun Kelly kasu, baina haiekin Barkerrek egin duen lanak bai erakarri nau, eta hortik dator akaso eragin hori guztia.

Kantuaren mezuari erreparatuz sortzen zait hurrengo galdera: nola komunikatzen duzu ondoen barruan duzun hori?

Melodiak egiten ditut ahotsarekin eta gero etortzen da gitarraren erabilera. Atzetik, letra etorriko da.

Beste arte diziplinetan ere bai? Edo irudi batetik ere etortzen da inspirazio iturri hori?

Eskuekin beti zerbait egiten aritzen naiz, erritmoak sortzen adibidez, eta nik uste dut hori dela guztiaren oinarria. Egiari zor, oraintxe, unean ari naiz hau guztia hausnartzen, ez bainaiz honen inguruan pentsatzen jarri.

Rap munduarekin hartu-emanean Travis Barker ibili dela esan duzu, baina zu Durangaldeko rap eszenako pertsona garrantzitsu batekin aritu zara, Peio izan baituzu ondoan.

Durangaldean bagaude batzuk eta akaso ez dugu gehiegi kolaboratzen gure artean, Peiorekin ere hitz egin dut horren inguruan. Katu, Peio, Maixa… eta gehiago ere bagaude. Baina kanpotik akaso benetan dagoena baino mugimendu gehiago dagoela sentitzen duzue, edo hori esango nuke nik. Peio urte luzez ari da gauzak egiten eta orain gure artean gauzak mugitzen ari gara. Dena dela, gazteon artean, ez dago zalantzarik eszenan denbora gehien Peiok daramala.

«Hilde dau» diozu. Zein hiri da hilda dagoena?

Donostiara joan nintzen Nerve Agent Albaceteko taldea ikustera, eta han sortu zen abestia. Kontzertu ostean juergan atera ginen eta biziraute sentsazioa izan nuen bertan. Ez dakit beti horrela den Donostia edo ez, baina gaua ezin genuen luzatu eta horrek haserretu egin ninduen. Ez dakit unea horrela zen edo beti den horrela, baina tira. Gauza da Durangon, egun, antzerako gauzak ikusten ditudala, eta hori izan daiteke bertako giroarekin haserre samar nagoelako. Durangoko gazte giroa nire izaeratik urrun dagoen zerbait da, Durangotik kanpoko giroarekin gehiago lotzen naiz gaur-gaurkoz. Eta ez diot Durangori errurik egozten, e! Baina haserretzen nauen zerbait da.

Gaztelaniaz ere egin dituzu zati batzuk, eta abestiren bat ere bai. Hizkuntzaren hautua nondik etorri da?

Etxean gaztelania izan da nire ama hizkuntza. Aitaren familia andaluziarra da eta amarena Extremadurakoa. Hortaz, gauza batzuk adierazteko gaztelaniara jotzen dut. Lehen diskoan dena euskaraz egiten saiatu nintzen, baina nire buruarekin zintzoa izan nahi nuen, eta gaztelania eta euskara horregatik nahasi ditut disko honetan.

 

Arte Ederren fakultatean ere musika mugimendu handia dagoela esan dezakegu.

Arte Ederrak ikasi nituen autosufizientziarako bidean, nire diskoen artea lantzeko asmoz hasi nintzen ikasketa hauek egiten. Silitiakoak, Tatxersekoak, Nahia, Maixa… musikari asko dago Arte Ederren fakultatean, eta disko eta portada asko sortu dira bertan azkenaldian.

«Quiero ser» kantura goazen, gitarra klasikoa eta flamenkoa. Zure erroetara bueltatu nahi izan duzu?

Bai, eta Nahiaren erroetara ere bai. Flamenko ukituko zerbait egitea proposatu nion, eta instrumentala asko gustatu zitzaion. Hortaz, elkarrekin hau egitea oso berezia izan dela esan dezaket, sentimendu asko duen kantua baita guretzat.

Kontzertuak, ordea, etorriko dira?

Momentuz bi kontzertu eman ditut Garraio moduan, eta planteatzen ari naiz aurrera begira zer egin. Ez dut asmorik kontzertu asko segidan emateko, baina badut instrumentu-jotzaile gehiagorekin zerbait egiteko nahia. Victor, Ainke taldeko baxu-jotzailea, etorri da nirekin aurrekoetan, baina proiektua zabaldu nahi dut eta nola egin ari naiz pentsatzen une honetan.

Urriko NAIZ Irratiko «Beste Bat» saioetan esperoko zaitugu; zure hautaketa finak entzuteko zain geratuko gara.

Mila esker!