Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren bihurrerak

Diruak mugimendu asko eragiten ditu. Musika talde askok, desegin zirenetik urte mordoa pasatu ondoren, berriro batzeko proposamenei baiezkoa ematearen arrazoi nagusia dirua da.

Diruaren hotsak “konpontzen” ditu taldekideen arteko garai bateko xextra, ezinikusi, gorroto, neke edo dena delakoak, eta zuzentzen ditu, bederen une batez, okerkeriak. Txanponak poltsikoan, garaiko ezinikusi berberak berriro agertzen dira maiz. La Polla Records, Hertzainak, Potato… Asko dira diruaren urrats hori egin dutenak, batez ere atzerritarrak.

Berdin dio, dena den, jatorriak. Ekintzarekin ez nago ados. Taldeak berpiztea desegin ondoren. Erabaki tamalgarria da. Talde batek hasiera eta bukaera ematen dionean jardun jakin bati, egile-sortzaileak amaiera dela erabaki ondoren, etendakoa berriro berrabiaraztea da ulertzen ez dudana. Ulertzen dut, baina ez nago ados. Agurra adierazi gabe, lau haizeetara zabaldu gabe, esan dezakete denbora batez ez dutela joko, eta bihurrera komeni zaienean egingo dutela.

Gehienetan, taldeen desegiteak taldekideen arteko desadostasun larri batengatik gertatu dira. Konponduezinezko tirabirak, gerora diruaren hotsak estaliko du, baina itzuliko dira jatorrizko tirabirak. Begira zer gertatu den Hertzainak taldearekin. Zabalak, Txanpik eta Bingenek sinatutako agiria lekuko. Lehengo lepotik burua. Tentsio-giroak ez dira inoiz konpondu, hasierako arazoak, azalean eta funtsean, hor diraute. Itzulerarik ez!