GARA Euskal Herriko egunkaria
PIRAGUISMOA

Finala gertu, Parisen plaza eman dio Olazabalek Espainiari

Irundarra 11. sailkatu zen kanoako eslalomean, finaletik segundo bat baino gutxiagora, eta Miren Lazkano 19. izan zen goizeko kanporaketan.

Klara Olazabal irundarra atzoko proban. (@RFEPiraguismo)

Zapore gazi-gozoa utzi zioten, batez ere Klara Olazabali, atzo goizean London inguruko Lee Valley kanalean jokatu ziren kanoako eslalomeko Munduko Txapelketako finalerdiek. Irundarra finaletik postu bakarrera geratu zen, baina aitzitik, 2024 Pariseko Olinpiar Jokoetarako toki bat eskuratu du espainiar selekzioarentzat, lehen hamabietan sailkatuta.

19. atea ukitzeagatik bi segundoko zigorra batuta, Klara Olazabalek goizeko kanporaketan parte hartu zuten 20 piraguistetan 11. denborarik onena lortu zuen (116.80 ), finalean sartzeko muga ezarri zuen Ana Satila brasildarrarengandik (115.92) segundo bat baino gutxiagora. Miren Lazkano, bere aldetik, hemeretzigarrena izan zen (122.15).

Helburu pertsonalik gabe geratu bazen ere, piraguista irundarraren lanak izan zuen saririk Espainiako selekzioarentzat, bere lorpenarekin, taldeak Pariseko Olinpiar Jokoetarako postu bat eskuratu baitu, kanoan zein kayakean. Txartel hori ez da nominala, hau da, oraindik ez du izen-abizenik. Olazabalek lortu zuen, baina horrek ez du esan nahi, aukera handiak dituen arren, bera joango denik Olinpiar Jokoetara. Kuota herrialdearentzat da, kasu honetan espainiar Estatuarentzat, eta espainiar selekzioak martxoan egingo duen barne aukeraketan erabakiko zein izango den bere ordezkaria Parisen.

CHOURRAUT ETA ETXANIZ

Gaur bertan beste bi euskal piraguista izango dira antzeko helburuengatik borrokatuko direnak, biak kayakean; Maialen Chourraut eta Pau Etxaniz. Finalerdietan arituko dira biak, ostegunean sailkapena lortu ostean.