Ioritz GONZALEZ LERTXUNDI
KOLABORAZIOA

Berria, beti eder?

Egunero moduan, eskolarantz abiatu naiz, eta lanean buru-belarri hasi aurretik, ohi dudan moduan, kafetxo bat hartu, eta gelarantz. Sartu orduko, gelako ordenagailua eta proiektorea piztu eta ikasleei egun ona eman diet; lauk erantzun didate. Gehienak ordenagailuei so daude; irakaslea sartu denik ohartu ere ez dira egin. Berriro ere, klasea hasterako, pantailen aurka borroka egin beharko dut ikasleen arreta lortzeko.

Orain dela ez asko irakurri nuen Suedian hezkuntzako plan digitalari mugak ezartzea erabaki dutela. PIRLS txostenean (ikasleen irakurmen eta ulermen maila ebaluatzeko nazioarteko azterketa), eskandinaviar herrialdea bederatzigarren postuan dago kokaturik. Aitzitik, ikasleen joera ikusirik, geletatik pantailen erabilera murriztu eta liburuei lehentasuna ematea erabaki dute. Honela zioen Suediako sailburuak: «Liburuek tableta batek ordezka ezin ditzakeen abantailak dituzte. Analfabeto funtzionalez beteriko belaunaldia sor dezakegu». Izan ere, duela gutxi herrialde hartan 2.000 irakasleri eginiko inkesta baten arabera, bostetik batek zioen ikasleek sekula edo ia sekula ez dutela eskuz ezer idazten.

Suediaz gain, beste herrialde batzuetan ere bada hezkuntzan pantailen erabilerak izan dezakeen eraginaz arduraturik dagoenik. Esaterako, Irlandako Greystones hiriko ikastetxe eta guraso elkarteek «Smartphonerik gabeko kodea» adostu dute. Kode honi jarraiki, ikasleei hamahiru urte bete arte telefono mugikorrik ez erosteko konpromisoa hartu dute. Frantzian, eskolak pantailez betetzen ari direla eta gogoetarik gabeko bide arriskutsua egiten ari direla salatu du CoLINE gurasoen kolektiboak. Kolektiboaren iritziz, haur eta gazte bakoitzari tableta edo ordenagailu eramangarria emateak ez du ikasketa hoberik bermatzen, alderantziz, hainbat gaitasun kamusten ditu. Eskutitz irekia bidaliko diote Frantziako Hezkuntza ministroari. Holandan ere, ikastetxeetan telefono mugikorren erabilera debekatzea proposatu du gobernuak 2024tik aurrera, ikastetxeekin eta gurasoekin adostu ondoren.

Badirudi, beraz, hainbat ikerketa eta ebidentziak eskuz idazteak dituen onurak frogatzen dituzten arren (garapen kognitiboa eta memoria sustatzen ditu, esaterako), orokorrean ikasleek gero eta gutxiago irakurtzen dutela; zer esanik ez, eskuz idatzi. Gurean ere, gero eta gazteagotan hasten dira gailu digitalak erabiltzen, eta hezkuntza arloan ere tokian tokiko digitalizazio planak daude, gehienak dirulaguntzez horniturik; egun, zaila da eskolan ordenagailurik gabe jardutea.

Segur aski, tresna modu horiek onurak ekarri dizkigute, ezbairik gabe. Baina, belaunaldietan zehar erabili izan ditugun baliabideak ez ote dira baliagarriak gaur egun? Bide zapaldua, bide segurua omen. Tresna digitalak ikaste-irakaste prozesuaren oinarri bilakatu baino lehen, izan behar duten presentzia ondo hausnarturiko erabakia izan beharko lukeelakoan nago, beste hainbat baliabiderekin uztartuz.