Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Debekuak II

Lau hamarkada dira AEBetan Debekaturiko Liburuen Astea antolatzen dutenetik, beraz. Eta ez dirudi hura ospatzeko arrazoiak desagertuko direnik, ez etorkizun hurbilean behintzat. Alderdi errepublikanoko sektore kontserbadoreena jo eta ke ari da arriskutsuak deritzen liburuak bere agintepean dauden estatuetan debekatzen, baina ezin zaio alderdi bakarrari leporatu zentsura bultzatzea. Liberalen artean ere badira liburu jakin batzuk debekatu edo berridaztearen alde daudenak, garaiekin bat ez datozen ideiak eta esamoldeak azaltzen dituztelako (Paradoxikoki, haietako inork ez du Biblia debekatzea edo berridaztea eskatu, bertan azaltzen diren izugarrikeriekin. Jainkoaren suminaren beldurrez, akaso?). Batzuek zein besteek, kontserbadoreek zein liberalek, beren buruak gizartearen babesletzat dituzten horiek, tontotzat dituzte herritarrak, pentsamendu kritikorako ahalmenik gabeak.

Baina hara zer diren kontuak: AEBetako Liburutegien Elkarteak iaz gidaturiko inkestaren arabera, gurasoen %70 liburuak debekatzearen kontra dago. Hau da, gutxiengo batek babesten du liburuen zentsura. Debekuek, hala ere, bere horretan jarraitzen dute. Are gehiago, iaztik hona %28 gora egin dute.

“Let Freedom Read” (utzi askatasunari irakurtzen) leloa aukeratu dute aurtengo Debekaturiko Liburuen Asterako. AEBetara heldu berria nintzela, irakasle batek esan zidan esanahi berezia duela askatasunak estatubatuarrentzat. Agian hori da egiturazko arazoa, AEBek askatasuna nola ulertzen duten.