ALAIA SIERRA
GASTEIZ

Frankismoaren osteko eskabideen leloak jaso ditu Nerea Lekuonak «Idealak»-en

Abenduaren 10era arte ikusgai dago Gasteizko Artium museoan Nerea Lekuonak atondutako “Idealak”. Frankismoaren ondorengo leloak bilatuz egin du eta batzuk gaurkotasunekoak direla uste du.

Nerea Lekuona, errotuluen muralaren aurrean.
Nerea Lekuona, errotuluen muralaren aurrean. (Endika PORTILLO | FOKU)

”Asesinos”, “asamblea”, “etxera”, “burguesia”, “euskara”, “dimite”, “nuclear” eta “empleo” dira Frankismoaren ondorengo mobilizazioetan esaten ziren hitzetako batzuk. Hemerotekatan murgildu ostean bildu ditu Nerea Lekuona diziplina anitzeko artista gasteiztarrak garai hartako leloak “Idealak” erakusketan, Artium museoan.

Askotariko tipografiak eta errotulazio deigarria erabilita sortutako mural batean biltzen dira hitz horiek. «Garai hartako errotulazio tradizionalean inspiratu naiz», azaldu zuen Lekuonak, atzo, erakusketaren aurkezpenean. Foru Aldundiko Photo Araba artxibo digitalean arakatu zuela esan zuen, argazkietan fatxadak eta kartelak bilatuz. Bide batez, gaur egungo idazkunen iraunkortasun txikiarekin alderatuta, «iraun dezaten nahi izan dut», azaldu zuen.

Aldarrikapen horien eta Frankismoaren ostean boteretik zetozen lelo eta hitzen arteko «arrailean» dago erakusketaren muina, Enrique Martinez Goikoetxea komisarioak zioenez. Alegia, errotuluz jositako muralaren eta «atado y bien atado» edo «la calle es mía» bezalako esaldiak jasotzen dituzten mapa eta beste obra batzuen artekoan. “Laboratorio en Transicion” lanetik datoz azken hauek.

Museoak bere bildumarako eskuratu zuen lan hori 2021ean, eta Arabako Gobernu Zibil zaharreko funts dokumentaletan egindako ikerketatik abiatuta osatu zuen Nerea Lekuonak. Ehun objektutik gorako multzo bat osatu zuen, «memoria duten» materialekin, hala nola argazkiak, dokumentuak, planoak eta mapak, eta proba-eremu bat balira bezala esku hartu zuen horietan artistak. Frankismoaren osteko imajinario politikoarekin eta botereak igorritako mezuekin jokatzen du lanak.

ATZO, GAUR ETA BIHAR

Jose Ramon Cuesta historialariarekin batera hemeroteka eta artxiboetan miatzearen lan neketsua azpimarratu zuen artistak, funtsean iraganean oinarrituta dauden lanak dira eta. Izan ere, “memoria-ontzi bat” eraiki nahi izan du, orduko aldarrikapenak gogoratzeko eta berriak sortzeko, Lekuonaren esanetan.

«Leloetako batzuk gaur egun ere oihukatzen» direla erakusteko, egungo bideo batek girotzen du erakusketa hartzen duen Artiumeko gela. Frantzia kalean grabatutakoa da, museoaren ondoan, Lekuonak azaldu zuenez, handik igarotzen direlako Arabako hiriburuan egiten diren manifestazio guztiak.

Gaurkoak eta duela 45 urteko aldarrikapenak alderatuz, baina, «feminismoaren falta» sumatzen dela uste du Nerea Lekuonak. «Orduan abortuaz eta berdintasunaz hitz egiten zen, baina gaur egun aldarrikapen feministak egunkarietako orrialde asko hartzen ditu», gaineratu zuen.

Atzo ireki zuten, eta A3 aretoan egongo da ikusgai “Idealak” datorren abenduaren 10era arte. Horrekin batera, atzo bertan artistarekin topaketa izan zuten 18.00etan, eta jarraian, 19.00etan, “Martxoaren 3ko abestiak: ahanzturaren eta inpunitatearen kontrako musika” emanaldia izan zen. Azken hau Memoria Gara ekimenaren eskutik antolatu zuten, Lander Gartziaren ardurapean.

Datorren urriaren 27an, 18.30ean, Nerea Lekuonaren eta Sejo Carrascoren arteko solasaldia hartuko du museoak, Juan Ibarrondo moderatzaile dela.