GARA
IRUÑEA

Indarkeria matxista kasuak %40 areagotu dira Nafarroako epaitegietan

Nafarroako auzitegietan nabarmen gehitu dira emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako kasuak. «Egoera izugarria da. 2021etik 2022ra %48 ugaritu ziren auziak; babes aginduak, aldiz, %17. Iruñeko auzitegian 1.113 auzi erregistratu ziren 2021ean, eta 2022an, 1.827. Horrek Iruñean gai hauetarako bigarren epaitegi bat sortzeari lehentasuna ematea ekarri zuen. Dirudienez, heldu den urtean helduko dio eskaera horri Justizia Ministerioak», jakinarazi zuen atzo Joaquin Galve Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidenteak.

Arazoa pil-pilean dago. Hiriburuan momentuz gai hauetarako dagoen auzitegi bakarrak 1.062 kasu erregistratu ditu aurtengo lehenbiziko seihilekoan, joan den urteko epe berean baino %46 gehiago.

AGOITZEN, %140 GORA

Galvek zehaztu zuenez, Nafarroan indarkeria matxistari erantzuten dioten epaitegi guztiak aintzat hartzen baditugu, prozesuak %40 areagotu dira urtarriletik ekainera bitartean. «Agoitzeko auzitegian, %140 gehitu dira kasuak». Auzitegi Nagusiko buruak uste du praktikoagoa litzatekeela gai hau Iruñean zentralizatzea.

Ekitaldian bildu ziren Jaime Goyena Nafarroako fiskal nagusia, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Amparo Lopez Barne Saileko kontseilaria eta Valentin Carrasco jarduneko gobernuko ordezkaria ere.

76 EPAILE

“Justizia datuz datu” txostenaren arabera, gaur egun 76 epaile daude Nafarroan, 46 emakumeak eta 30 gizonak. 100.000 biztanleko 10,7 epaile daude. Espainiar Estatuko bigarren ehuneko baxuena da, Gaztela Mantxaren atzetik. Estatuko batez bestekoa 11,7 da.

Justizia administrazioan 51 abokatu daude Nafarroan, gehienak emakumeak. 267 bake epaile daude, eta 454 funtzionario. 2022an 75.300 prozesu hasi eta 71.000 ebatzi ziren. Abiatutako prozesuen erdiak baino gehiago (%54,5) penalak izan ziren, %36 zibilak, eta gainerakoak, lanekoak eta administrazioarekiko auzi-prozesuak.