GARA Euskal Herriko egunkaria
PIRAGUISMOA

Chourrautek eta Etxanizek Pariserako plaza lortu dute K1ean

Lasarte-Oriako piraguistak ezin izan zuen Munduko Txapelketako finalera sailkatu; bai, ordea, donostiarrak, zortzigarren amaitu baitzuen.

Pau Etxaniz, aurreko proba batean. (BASQUE TEAM)

Bost euskaldun ditugu Lee Valley kanalean jokatzen ari diren eslalomeko Munduko Txapelketan, eta denak ari dira euren maila bikaina erakusten. Ostiralean Klara Olazabalek Parisko Olinpiar Jokoetarako postua lortu zuen Espainiarentzat C1 mailan, eta atzo bertan Maialen Chourrautek eta Pau Etxanizek lortu zituzten zita garrantzitsu horretarako txartelak.

Chourrautek, Rion urrea irabazitako piraguistak -brontzea ere badu Londres 2012an eta zilarra, Tokio 2020an-, ezin izan zuen finalerako sailkatu. Larunbateko finalerdietan, 109.23 denborarekin, 15. postuan amaitu zuen Lasarte-Oriakoak. Denborarik onena egin zuen Jessica Fox australiarrak baino 7.10 segundo gehiago behar izan zituen Maialen Chourrautek bere ibilbidea osatzeko.

Gogoratu behar da Maialen Chourrautek finalerdietarako txartela eskuratu zuela osteguneko sailkapen proban. Lehen jaitsieran lortu zuen gipuzkoarrak sailkapena. Egun batzuk lehenago, gainera, zilarra eskuratu zuen taldekako proban Olatz Arregui gipuzkoarrarekin eta Laia Sorribes taldekidearekin batera.

Bigarren postuan Ricarda Funk alemaniarrak amaitu zuen (103.50), eta Luuka Jones Zeelanda Berriko kirolaria izan zen hirugarrena (104.01).

Ondoren, finalean, Foxek ez zuen hutsik egin eta 106.30 denborarekin gailendu zen. 1.13 segundo atera zizkion Eliska Mintalova eslovakiarrari, eta 1.40 segundo, Klaudia Zwolinska poloniarrari.

PAU ETXANIZ, ZORTZIGARREN

Pau Etxanizen kasuan, donostiarra, Pariserako txartelaren jabe egiteaz gain, finalerako sailkatu zen, finalerdietan bederatzigarren izanda. 95.96 denborarekin, goiko postuetan jarri zen finalerdien hasieran, Mateusz Polaczyk poloniarraren atzetik (95.74).

Baina ondoren iritsi ziren Jiri Prskavec txekiarra (92.70), Giovanni De Gennaro italiarra (94.26), Martin Dougoud suitzarra (94.56) eta Mathis Soudi marokoarra (95.15), eta lehenengo bost sailkatuen artetik alde egin zuen Etxaniz gipuzkoarrak.

Arratsaldeko finalean, Etxanizek postu bat hobetu ahal izan zuen 96.59 denbora eginda, eta, hala, zortzigarren amaitu zuen K1 proba. Joseph Clarke britaniarrak urrea lortu zuen (91.32), Jiri Prskavec txekiarra bigarren izan zen (93.26) eta Mathis Soudi marokoarrak ezusterik handiena eman zuen, brontzea irabazi baitzuen (93.91).