Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Zinemaldiko egitaraua 2

Hau astea, hau! Astirik ez. Zinemaldiko egitaraua di-da batean leitu, eta deigarria egin zait begi-kolpe batean. Sail ofizialean atentzioa eman dit Paramount Neflitis Vatikanoarra ekoizleak aurkeztu duen programazio zabalak. “Ajuriaeneko maizterrak bi aldiz deitzen du beti, eta hiru, eta lau, eta bost…”. “Ez tenkatu soka, ez baita gurea”, Konbentzio Konstituzionalari buruzko politika fikziozkoa. “Urbi et Orbi 2: Erko eta Ortu”, familiako drama elektorala. “1979ko urri hura: haizeak eraman zuena”, estatutua gogoan, zuri-beltzean, politika fikziozkoa. “Iraileko egun bat Forondako zelaietan”, karaoke generokoa. “Eskola garraioa 2”, drama judiziala. “Poliziaren akademia eroa 2”, barrezkoa, Wagnerren musikaz alaitua. “Ez eskatu niri”, sektore publikoko eskaerak Lakuaren eskumenetik kanpo daudela berrestekoa, fikziozkoa. “Hitzordu galduaren bila”, Osakidetzako pazienteak lotetan bideratzeaz, thrillerra. “Asterix eta Obelix alde zaharrean”, Donostiako turismo sailarena, askorentzat komeria.

Interesgarriak besteak ere. “Eta ni non?”, Basque Culinary Centerrek kokaleku berriaz ekoitzia. “Hazi ala hil”, Confebask-ek euskaraz ekoitzia. “Eta argia igo zen” konpainia elektrikoena, izenburua baino ez euskaraz, “Ai ama ze konpainiak!”, talde ekologistena ere sesio berean pasatuko da, kontrasterako. “Istiluen kamarotea”, Sumarreko marxisten dokumentala. “Ponte el pringanillo, pringado”, Diputatuen Kongresuak ekoitzia, emanaldi pribatuan baino ez. “Sakramentuak ez dira babarrunentzat”, barrutiko gotzainena, animaziozkoa.

Eta Jatorki sailean: “Matxinada ikasgeletan”, EHUko irakasle ordezkoen egoeraz, errealitatea. “2053, Metamorfosiaren kontakizuna Euskal Herrian”, Iparraldeko Bizi mugimenduak ekoitzia, utopia egingarria. “Ez deitu ofizial, erabil nazazu”, euskarak berak ekoitzia.