GARA Euskal Herriko egunkaria
ZINEMALDIA 2023

Amets feminista, maskulinitate berriak eta lurrari lotutako bizitzak

Isabel Hergueraren “El sueño de la sultana”, Noah Pritzkerren “Ex-husbands” eta Raven Jacksonen “All Dirt Roads Taste like Salt” ikusi ziren atzo Sail Ofizialeko lehian. Emakumeak agintean eta gizonak etxean dauden herrialdeen ametsek, familia ereduek, eta uraren zikloekin batera igarotako bizitzek ere izan zuten lekurik.

«Ex-husbands»-eko taldea. (Idoia ZABALETA | FOKU)

 

Isabel Herguera pozarren agertu zen hedabideen aurrean. Ez da gutxiagorako. Makina bat urte egin ditu animaziogintzan bide berriak jorratzen, eta lehen film luzea ondu du Gianmarco Serrarekin batera. Biek sinatu dute gidoia. «Bidaia luzea izan da, poz eta tristura ugarirekin», aitortu zuen zuzendari donostiarrak.

Begum Rokeya Hossain egile feminista hindua ezagutzea leiho bat irekitzea izan zen Herguerarentzat. Ikusmen-aberastasun handiko leiho bat, zentzumenak pizten dituen oparotasun batena -zentzu askotan-, ireki du orain berak pantaila handian.

Duela ehun urte Emakumeen Herrialdea -ezarritako ordena irauliz- irudikatzea sekulakoa iruditu zitzaion. “Sultanas’s dream” ipuina irakurri bezain pronto hasi zen filma irudikatzen. «Koadro bat margotzen den bezala sortu zen, ideia orokorra duzu, baina azkenean azken irudia osatzen duzu. Gidoia modu berean egin genuen. Eszena batzuk lehenik marraztu egin ziren eta gero hitzez idatzi, beste batzuk alderantziz. Bizitza bezala. Uneka beste gertakari batzuk gehituz, puzzle bat kasu. Banda jartzen genuen ea funtzionatzen zuen ikusteko. Probatuz joan ginen. Gidoia prozesuaren azken fasean idatzi zen», adierazi zuen.

«Rokeya ezagutzea denari buelta ematea izan zen. Oso inspirazio handia sentitu nuen, mantra moduko bat. Bidaiak iraun duen hamar urteetan asko kontzientziatu nau nire emakume izaeraz. Ez naiz feminismoan aditua, asko irakurri dut eta esperientziak partekatu ditut Indiako emakume askorekin», zioen.

«Gure ezberdintasunetatik haratago, badugu zerbait komuna, emakume izatearen aurrean dugun jarrera eta konplizitatea», azpimarratu zuen.

Ekoizle taldeak makina bat buruhauste izan ditu bidean. Ez da batere erraza izan finantzaketa lortzea. «Ezezko asko jaso nituen. Askok filmetik “feminista” hitza desagertzea nahi zuten. Baina “ero” batzuok zinema ezberdina egiten jarraitzen dugu. Ez dugu aberastu nahi, egiten dugunaz harro sentitu baizik. Zaila da munduko emakumeentzat hain matxista den gizartea aldatzea», azpimarratu zuen.

Gianmarco Serrak pelikulak gordetzen dituen hainbat erreferentzia zinematografikoren berri eman zuen. «Hitchcock, Truffaud, Eisestein, Buñuel, Fellini, Lennon, Bergman eta Antonioni bezalako maisuei omenaldia egin diegu».

NATURARI LOTUTAKO BIZITZA BAT

Raven Jackson zinema zuzendaria bigarren aldiz da Donostiako Zinemaldian, baina hau da Sekzio Ofizialean lehiatuko duen lehen aldia, “All Dirt Roads Taste Like Salt” filmarekin; aurrez, 2016an, NEST sailean hartu zuen parte. Missisipiko emakume baten bizitza kontatzen du bere lan berrian, lurrari eta uraren zikoari lotutako irudiekin, eta muntaketa lan berezia du, ez baitu modu kronologikoan kontatzen. Kontatzeko modua ez ezik, prozesua ere berezia izan zela aitortu zuen atzo hedabideen aurrean egindako azalpenean: «Prozesu organiko ederra izan da, ez nintzen gidoitik hasi filmean pentsatzen, argazkietatik baizik». Ederra eta luze samarra izan da; izan ere, bost urte baino gehiago pasatu dira egiten hasi zenetik.

«Konexioa» da gai nagusia zuzendariaren arabera, eta adierazi zuen horregatik agertzen direla horrenbeste esku eta ukitu eszena bakoitzean. «Gorputzera eta gorputz ataletara iristea interesatzen zait, kontaktu hori adierazi nahi izan dut» erantzun zuen emakumeen gorputzek irudietan duten presentziaz galdetuta.

Adele Romanski eta Maria Altamirano ekoizleek protagonistak emakume beltzak izatearen garrantzia azpimarratu zuten: «Emakumezko beltzak agertzea nahi genuen, eta aldi berean pertsonaien barruko aldea erakutsi». Altamiranok adierazi zuen Jacksoni barrutik atera zaion zerbait izan dela pertsonaia horiek jartzea lehen planoan: «Barrutik atera zaio, eta hori balioan jartzekoa da». Fikziozko filma dela aitortu zuen zuzendari estatubatuarrak, eta segidan erantsi zuen bere bizitzako xehetasunak ere badaudela.

FAMILIA ETA MASKULINITATEAK

San Frantziskon jaio eta hazi zen Noah Pritzker zinema zuzendaria, familia «progresista» batean. «Gurekin irekiak izan nahi zuten, sexu-praktika osasuntsuez hitz egiten ziguten... Deserosotasun horiek guztiak alde batera utzi genituen», ekarri zuen gogora ‘‘Ex-husbands’’-en aurkezpenean.

Bere gurasoen banantzean oinarrituta idatzi zuen filmeko gidoia. Peter da filmeko protagonista: bere gurasoek, 65 urte elkarrekin igaro ostean, harremana bertan behera uztea erabaki zuten, eta antzeko egoeran dago orain bera, 35 urteren ostean emazteak utzi egin baitu. Egoera berean dauden hiru gizonen bizipen eta emozioak harilkatuz osatu du komedia kutsua duen filma Pitzker-ek, eta «maskulinitate berriak» ere hartu ditu gogoan.

«Badaude garaipen uneak, aita izatea adibidez, dena dago iraganeko motxila horretan, eta maila emozionalean gauza asko askatzen dituzu aurrera egin ahal izateko. Maskulinitate forma asko ageri dira film honetan, aita-semeen arteko harremanean...», azaldu zuen.

Sekuentzia jakin bat izan zuen hizpide, non James Nortonen pertsonaia ageri den negarrez. Nortonek gogora ekarri zuen 40 aldiz filmatu zutela eszena hura: «Bikotea bere bizitzaren parte garrantzitsu bat da eta alderrai dabil bikoteak alde egiten duenean. Bizitzan dituzun espektatibek huts egiten dute askotan. Agur esan behar dionean negarrez ageri da, 40 aldiz filmatu genuen eszena hura, eta Noah-k hautatu duen harguneak erakusten du zein sotila den film hau».