GARA
DONOSTIA

Juanra Aranburu oroitzeko ekitaldian aitortza eskatu du Egiari Zorrek

Juanra Aranburu deportatuaren sorterrian, Ordizian, oroimen ekitaldia egin zioten igandean. Egiari Zor fundazioak Aranburu bezala 1984tik 1989ra bitartean deportatuak izan ziren 71 pertsonek pairatutako indarkeria aitortzea galdegin zieten salbuespenezko neurria ezarri zuten frantziar eta espainiar Estatuei.

Juanra Aranburu oroitzeko ekitaldia egin zuten Ordizian.
Juanra Aranburu oroitzeko ekitaldia egin zuten Ordizian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ordizian oroimen ekitaldia egin zioten igandean Juanra Aranburu deportatuari. 21 urterekin iheslari bihurtu eta 1989an zendu zen Cabo Verden, Estatu frantseseko Gobernuak deportatuta zeukala. Ekitaldian, Egiari Zor fundazioak Aranburu bezala deportazioa pairatu duten euskal herritar guztientzako aitortza eskatu zien frantziar eta espainiar Estatuei.

Pilar Garaialdek hartu zuen hitza fundazioaren izenean, eta salatu zuen deportazioa jasan zutenei pairatutako indarkeria behar bezala aitortu ez izana.

Halaber, azaldu zuen 1984. urtean hasi eta 1989.era arte 71 euskal herritar deportatu zituztela guztira, eta «linbo juridiko» batean izan zituztela: «Paperik gabeko egoera iraunkorrean, askotan bizilekuetan preso eta indar polizialek estu zainduta bizi izan dira edo zuzenean poliziekin batera bizitzera behartuta».

Era berean, adierazi zuen hainbat kasutan espainiar Poliziak deportatuak bahitu eta torturatu izan dituela.

Deportazioaren ondorio latzenak gogora ekarri zituen Garaialdek: «Salbuespen neurri hau abian jarri zutenetik, 12 deportatu izan dira bizitza galdu dutenak, egoera edo baldintza ezberdinetan. Gainera, deportazioarekin zuzeneko lotura zuten egoeretan bi senidek ere galdu zuten bizitza».

Horregatik, aitortza eskatu zien Garaialdek espainiar eta frantses Estatuei, Egiari Zorren izenean: «Aitortu beharko dute arrazoi politikoak direla medio ezarri zitzaiela euskal deportatuei legez kanpoko zigor anker hau, eta makurtze politikorik ematen ez zen bitartean, onartu egiten zutela pertsona horien osasunaren higadura zein oinarrizko eskubideen murrizketa», adierazi zuen.

Halaber, Garaialde kritiko agertu zen biktimen artean egiten diren desberdintasunekiko, eskubideei eta aitortzari dagokienez. Hari horri tiraka, adierazi zuen indarkeriaren ondorioz jasandako sufrimendu guztiek izan behar dutela lekua memoriaren politika publikoetan, «baita Juanra Aranbururenak ere».

«Azken urte luzeotan Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketa larriak ehundaka, milaka izan dira», Garaialdek adierazi zuenez. Horientzako guztientzako «aitortza, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak» zor zaizkiela azaldu zuen, «bizikidetza oinarri duen gizarte berria eraikitzen jarraitzeko».

ZIGOR AMAIGABEA

Atzo Ordizian egindako ekitaldian duela 34 urte zendutako Juanra Aranburu deportatua oroitu zuten. Gogora ekarri zuten deportatu baino lehen ere atxiloketak, konfinamendua eta kartzela jasan zituela.

Gero, «epaiketarik gabeko zigor amaigabea» ezarri zioten, beste hainbesteri bezala, inolako akusaziorik, epaiketarik edo defentsarako eskubiderik gabe.

Cabo Verdeko itsasoan itota hil zen, istripuz. Baina, ekitaldian nabarmendu zutenez, «Juanrak Cabo Verden heriotza aurkitzea ez zen istripu bat izan, erabaki politiko errepresiboaren eragina baizik».