GARA
PIRAGUISMOA

«Kayak cross» probako finalerdietan esan du agur Chourrautek

Lasarte-Oriako piraguistak arazorik gabe gainditu zituen Paris 2024an estreinatuko den probako final-laurdenak, atzetik aurrera eginda, baina ezin izan zuen finalerdietan maila bera errepikatu.

Maialen Chourraut, lehia bizian, aurreko proba batean.
Maialen Chourraut, lehia bizian, aurreko proba batean. (BASQUE TEAM)

Lee Valley kanalean jokatu diren eslalomeko Munduko Txapelketak amaitu ziren atzo. Bost euskaldun aritu dira nor baino nor munduko txapeldun izateko eta Pariseko Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratu nahian. Garaipenik ez dute lortu, baina domina bat bai, eta Espainiako selekzioari Parisen aritzeko zenbait txartel ere eman dizkiote.

Horietako bat da Maialen Chourraut. K1 kategorian lortu zuen txartela, eta gainera, taldekakoan zilarra eskuratu zuen Lasarte-Oriakoak Olatz Arreguirekin batera. Atzo, Parisen estreinatuko den «kayak cross» proban lehiatu zen gipuzkoarra, eta, nahiz eta helburua ez zuen lortu, maila onean aritu zen Chourraut.

Hasteko, arazorik gabe gainditu zuen sailkapen proba, final-laurdenetan aritzeko. Hortxe, atzetik aurrera egin behar izan zuen, eta azken atean, Ricarda Funk alemaniarra eta Marjorie Desassu frantsesa gainditu zituen. Bigarren amaitu zuen, larunbatean K1 kategorian munduko txapeldun bihurtu zen Noemie Fox australiarraren atzetik.

Finalerdietan, ordea, Chourrautek ezin izan zion mailari eutsi eta hirugarren postuan amaitu zuen, ondoren munduko txapeldun izango zen Kimberley Woods britaniarraren eta Emma Vuitton frantsesaren atzetik. Noemie Fox laugarren izan zen eta, gipuzkoarrak bezala, ezin izan zuen tituluarengatik lehiatu.

Finalean, Woodsek urrezko domina eskuratu zuen, Camille Prigent frantsesa, Eva Tercelj eslovakiarra eta Emma Vuitton frantsesaren aurretik.

PARIS 2024

Maialen Chourrautek eskarmentu handia du Olinpiar Jokoetan. Londres 2012an brontzea lortu zuen, Rio 2016an urrea irabazi zuen eta Tokio 2020an zilarra eskuratu zuen. Orain, Paris 2024an lehiatzeko txartela eskuratu du K1 kategorian. Nahiz eta nominala ez izan, arraroa litzateke zita garrantzitsu horretan ez egotea.

Pau Etxanizek ere lortu zuen K1eko txartela, baina atzo ezin izan zuen «kayak cross»eko fase finala jokatu.