GARA Euskal Herriko egunkaria

Zizeron eta Higgs bosoia: 2.000 urteren buruan ez dira galderak aldatu

Zein da unibertsoaren eta bizitzaren jatorria? Zer dago bizitzaren ondoren, ezereza? Zein da gizakion xedea: askatasuna edo mendekotasuna? Nadia Hotait jatorri libanoarreko artistak Marko Tulio Zizeron (K.a. 106-K.a. 43) politikari eta filosofo erromatarra lotu du XXI. mende honetan Higgs bosoiari buruz egiten ari diren ikerketa zientifikoarekin, Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai dagoen bideo instalazio batean.

Triptiko itxurarekin errodatu da bideo instalazio hau. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Seguruenik, Stefan Zweig idazlearen (1881-1942) libururik ospetsuena da “Decisive Moments in History: Fourteen Historical Miniatures” (1927). Saiakera horretan idazle austriarrak gizakion historian giltzarri eta erabakigarritzat jotako zenbait une islatu zituen. Hitzaurrean irakur daiteke: «Une zehatz hauek ehunka belaunaldiren bizitzan erabakiorrak izan dira; are gehiago, gizabanako bakar baten bizitza, herri oso batena eta gizateria osoaren patua markatu izan dute».

Bada, Zweigek aipatzen duen lehenengo une nagusia Marko Tulio Zizeronen bizitza da (latinez, Marcus Tullius Cicero, K.a. 106ko urtarrilaren 3a - K.a. 43ko abenduaren 7a). Zehatzago, K.a. I. mendean Tusculumen filosofo eta politikariak pairatu zuen erbestealdia. Hango bakardadean, eta zahartzaroan, hizlari erromatarra ohartu zen «kohorteak hitzak baino boteretsuagoak direla», eta politika bere benetako helburutik urrundu zela; hau da, Errepublika eta askatasuna xedetzat izan ordez, politikarien interes pertsonalenen mende zegoen.

FRASCATIN DAGO ERANTZUNA

Saiakera hau irakurri zuenean, Nadia Hotait artistari (Madril, 1982) jakin mina piztu zitzaion. Tusculum non zegoen bilatu zuen: gaur egun Erromatik gertu dagoen Frascati hirian daude hiru hartako hondakinak, egun Italiako Fisika Nuklearreko Institutu Nazionala dagoen tokitik oso hurbil.

Han Higgs bosoia ikertzen dihardute, unibertsoaren jatorria azaltzen duen oinarrizko partikuletako bat; hantxe bertan Italiako lehenengo partikula azeleragailua martxan jarri zen.

Eta iragana eta oraina hizketan ipini ditu emakume honek, hari horretatik tiraka, “Unseasonal Autum” (Udazken amaigabea) izeneko bideo artelanean, 2.000 urte hauetan gizakiok galdera berdinei erantzuten ahalegindu garelako. Erabat zinematografikoa da, zientzia fikziozko film baten itxura du, eta aktoreekin grabatu du italieraz. BBK Fundazioak eta Bilboko Arte Ederren Museoak bultzatutako Multiverso programaren beka bati esker gauzatu du, eta museoan ikusgai dago azaroaren 12ra arte. Multiverso izeneko bekak ikus-entzunezko komunitate artistikoa babestea du xede.

Madrilen sortua, jatorri libanoarra du Nadia Hotaitek. Hainbat sariren irabazlea, beti memoriarekin bueltaka ari da. Ahizparekin batera, Laila Hotait zinemagilearekin, Ficcionar sortu du, film laburrak eta dokumentalak ekoizten dituen plataforma. Jaialdi eta telebista kanal askotan eman izan dira filmak, hala nola BBC Arabicen eta Docummanian. ‘La Noche entre Ali y Yo’ lanarekin, esate baterako, Film Esperimental Onenaren Saria jaso zuten Lebanese Film Festivalen.

Beiruteko Amerikako Bankuan 1973an Mugimendu Sozialista Iraultzailearen komando baten ekintza islatzen da filmean. 39 pertsona bahitu eta 10 milioi dolar eskatu zituzten, Palestinari laguntzeko. 26 orduko setioaren ondoren, Poliziak tiroz josi zuen banketxea, eta bahitzaile bi eta bahitu bi hil zituen. Komandoko partaideetako bat Hotait ahizpen gurasoen laguna zen.

Orain aurkeztu duen lanean bide berriak arakatu ditu, filosofia eta artea hizketan jarri ditu: unibertsoaren jatorria bilatzen ari diren zientifikoak, alde batetik; bere bizitzaren bukaeran dagoen filosofo bat, bestetik.

Denbora lerro honetan, gizakioi sortzen zaizkigun galderak eta kezkak ez dira horrenbeste aldatu: «Egia da, nolabait, denbora historikoak kiribil batean bezala biratzen jarraitzen duela eta, behin eta berriz, guk gauza berberetan huts egiten jarraitzen dugula, akats berdinetan estropezu egiten jarraitzen dugula. Baina horrek ez du esan nahi kiribil horrek irteerarik ez duenik», adierazi du egileak.