Xole ARAMENDI
DONOSTIA
Interview
josu martinez
Zinema zuzendaria eta ikertzailea

«Ez naiz ez polizia ez epailea, Jon Mirande kondenatzeko»

Bat gutxi ez eta, bi film dakartza Josu Martinezek Zinemira atalera: “Bizkarsoro” eta “Mirande. Film bat egiteko zirriborroa”. Euskarak bizirik irautearen mirakulua du ardatz Baigorrin herrigintzan -testigantza errealak ditu oinarri- ondu den lehenak. Bigarrenak «nor da Jon Mirande?» galderari erantzun nahi dio.

(Jon URBE | FOKU)

«Nor da Jon Mirande?» galderari tiraka 69 minutuko filma ondu du Josu Martinezek (Bilbo, 1986). Nola egin Miranderenganako hurbilketa? Nondik? Ez zen erabaki erraza. “Mirande. Film bat egiteko zirriborroa” (2023) lanaren giltzetako bat da idazlea Peio Berterretxek gorpuztea eta honek Martinezek berak egindako galderak erantzutea, ikusleon jakin-mina neurri batean asez. Tentazioa eta Gastibeltza Filmak dira ekoizleak.

Mirandek idatzirik utzitako testuetatik hartutako zatiak hitzez hitz entzun daitezke. Idazleari hitza ematea. «‘Ez dakit nork esan zuen joaten zela lagun naziekin homosexualak jipoitzera’, bezalakoak entzun izan dira, esaterako. Hala balitz ere... Baina berari buruz hitz egiten denean, hori geratzen da. Zer zen eta zer ez zen bere ahotik entzutea da pelikula honen helburua. ‘Zu nazia zara?’ berari galdetzeko gogoa ematen zidan».

Pertsonaiak jan du autorea. «Kontua ez da ezer ezkutatzea. Agian esango didate ez naizela nahikoa kritikoa. ‘Nazia zen eta ezin zaio barkatu’, pentsatzen dute. Miranderen kasuan gaina hartzen du beste horrek denak». Anekdota bat kontatu digu. «Filma koprodukzioa da, Frantziako laguntza jaso du. Han idatziz aurkeztutako txostenaren arabera, aurre-hautaketa egiten dute eta ondoren ahozko elkarrizketa egiten dizute, azken erabakia hartzeko. Hemen ez da egiten, eta ideia ona iruditzen zait. Joan ginen proiektua defendatzera Bordelera, eta kristoren egurra eman zidaten! Esan zidaten autore bezala ez nuela nahikoa kondenatzen pertsonaia. Politikoki zuzenaren momentu honetan ez gaude zenbait gauza onartzeko prest. Ezkerreko pertsona zirudien. Eta erantzun nionean ez naizela polizia, ‘kondenatu behar duzu!’, esan zidan. Ni ez naiz polizia, ez eta epailea ere, Jon Mirande kondenatzeko. Ez da nire lana inor epaitzea, kondenatu epaileek egiten dute».

Idazlea ezagutu zutenek bizipenak aletzen dituzte dokumentalean. Nork bere bizipenak ditu, nork bere Miranderen irudia. Ezagutu ez zutenek ere nork bere iritzia. 20 urterekin egin zen euskararen jabe. Lehen desenkantua, «ikustean Parisko abertzale giro hartan, Andima Ibinagabeitia eta besteren bat salbu, euren artean espainolez aritzen zirela. Ezin zuen ulertu», esan du. Egon zen bigarren bat ere. «Langilea zen eta burgesiaren aurkako izugarrizko gorrotoa zuen. Gorroto zuen Frantzia oro har, bizi zuen gizartea. Euskal Herriak ihes moduko bat eman zion. Baina sekulako desenkantua izan zuen. Monzonek gutuna idatzi zuen -Euzkadi Buru Batzarrera izan zela uste dut-, ‘Mirande ezagutu dut eta idazkari postua eman beharko genioke’ esanez. Baina, batetik, Mirande ez zen egokitzen inon. Martzianoa zen. Bestetik, garaiz kanpo zegoen, idazten zituen kontu haiek urte haietan tolera ezinak zirelako. Garai hartan hegoaldean idazten zuten guztiak apaizak ziren».

Depresioa, alkoholarekiko mendekotasuna... 1972an bere buruaz beste egin zuen. «Mirande asko zeuden. Nazia, pedofiloa? Mirande hori baino askoz gehiago zen. Intelektualki oso aberatsa zen pentsamendu aldetik. Bere obra askoz interesgarriagoa da, eta pertsonaia are interesgarriagoa. Eta estereotipoetan edo benetako informazioetan oinarritutako pertsonaiak irentsi du beste guztia. Ikasi behar genuke moralkeriarik gabe gauzak ikusten», iruditzen zaio. Dokumentazio lanak hainbat altxor aurkitzera eraman du Martinez. Proiektua estreinatzear denean, gauza bat du garbi: «Ez dakit nor zen Mirande. Zenbat eta gehiago ezagutu, konturatzen naiz ezezagunagoa dela».

EUSKARAREN MIRAKULUA

Bizkarsoro herri fiktiziora garamatza zuzendariak gaur estreinatuko den lanean. Bost urtetan landutako proiektua da. Bernardo Bertolucciren “Novecento” izan du inspirazio iturri. «Film hura neukan buruan, beste maila batean, noski. Hark langile mugimenduaren XX. mendea kontatzen zuen bezala, nik euskaldunen XX. mendea kontatu nahi izan dut».

«XX. mende hasieran euskara eta euskal kultura desagertzera kondenatuta zeuden eta mirakuluz bizirik atera ginen handik. Zabalduta dago heriotza naturala den ustea, eta ez, heriotza programatua da, erailketa. Armadaren, eskolaren, klase borrokaren eta presio sozialaren bidez nola egin den erakutsi nahi izan dut. Eugen Weberrek esan zuen: ‘Frantzia sortu dugu, orain frantziarrak sortzea geratzen zaigu’; Frantziaren nazio eraikuntza kontatzen da filmean», azaldu du.

Baigorrin filmatu da. «Asko du dokumentaletik, ia aktore guztiak herritarrak dira, eta horrek egiazkotasuna ematen dio». Herritarren artean landa-lana egin eta ahozko lekukotzetatik abiatuta, kasu errealekin dokumentatua da.