GARA Euskal Herriko egunkaria

Sortu: «‘Txiki’ eta Otaegiren borroka gure egin eta berresten dugu»

«Memoria osoa, egia guztiak eta biktima guztiak» aintzat hartu behar direla aldarrikatu zuen Sortuk Gudari Egunean, «Txiki» eta Otaegi militanteen fusilamenduaren 48. urteurrenean. Zarauzko hilerrian, senideak eta herritarrak bildu zituen ekitaldian, militante hauen izaera «borrokalaria» aitortu zuen Ahaztuak 1936-1977 elkarteak.

«Txiki» eta Otaegiren memoria aldarrikatzeko Zarautzen Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatu zuen ekitaldiko irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

 

«Txikik eta Otaegik Euskal Herrian askatasunaren alde egin zuten borroka gure egin eta berretsi nahi dugu», agertu zuen Haimar Altuna Sortuko Nazio Kontseiluko kideak Zarauzko hilerriaren atarian, Gudari Egunean urtero Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatzen duen ekitaldia hasi aurretik.

Erregimen frankistaren azken hatsean fusilatu zituzten Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi, 1975eko irailaren 27an. ETAko militante hauen heriotzaren 48. urteurrenean, Altunak nabarmendu zuen erregimen frankistak Euskal Herriaren «askatasun nahia eten eta itotzea» zuela helburu ETAko kide biak fusilatzean, «baina ez zuten lortu, bistan da», gaineratu zuen: «Oraindik ere herri honek bizirik eta bere etorkizunari begira jarraitzen duelako».

Sortuko kideak, hala ere, gaitzetsi zuen euskal gatazkaren hamarkada luzeetan gertatutakoen gainean «kontakizun bakarra» inposatzeko ahaleginak gaur egunera arte iraun duela. Bertsio bakar horren ordez, Sorturen iritziz, «memoria osoa, egia guztiak eta biktima guztiak» errespetatu behar dira, horiek gabe ezin delako «elkarbizitza iraunkor eta justua» eraiki Euskal Herrian.

EKITALDIA BAIONAN

Bestalde, “40 urteren ondotik, Euskal Herria bizirik” lemapean ekitaldia egin zuten 19.00etan Baionako Patxa plazan, zehazki, Popo Larre, Joxi Zabala, Joxean Lasa eta Jon Anza oroitzen dituen muralaren aitzinean.

Ekitaldian, gogora ekarri zuten aurten 40 urte beteko direla «espainiar Estatuko aparatuek antolaturiko GAL erakundeak lehen atentatuak egin zituenetik».

Hala, 1983ko udazkenean Joxi Zabala eta Joxean Lasa bahitu, torturatu eta hil zituztela gogoratu zuen. Segidan etorri ziren Segundo Mareyren bahiketa eta Joxe Mari Larretxearen bahiketa saiakera, eta urte berean hil zituzten Ramon Oñederra Kattu eta Mikel Goikoetxea Txapela, lehena Baionan eta bigarrena Donibane Lohizunen.

«Gerla zikinaren bidez, GALek izua hedatu zuen Euskal Herrian eta 1987ra bitartean 27 lagun erail zituen», laburbildu zuen aurkezleak.

«Oroitu nahi dugu GALek Euskal Herrian izua zabaltzen zuen bitartean, frantses Gobernua gerla zikinaren biktimak kriminalizatzen entseatu zela; lehenik kolaboratzaile izan bazen, estrategia erasokorragora iragan zela gero», adierazi zuen ezker abertzaleko ordezkariak.

«Iraganaz ari gara, baina orainaz. Oraindik, preso, iheslari eta deportatu politikoak daudelako», oroitarazi zuen.



Ekitaldia Zarautzen, «zilegi» zela oroitarazteko

Urtero bezala, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Jon Paredes eta Angel Otaegiren memoria aldarrikatzeko ekitaldia egin zuen atzo, Zarauzko hilerrian. Bi etakideekin batera erregimen frankistak fusilatu zituen FRAPeko kideak -Xose Humberto Garcia Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo- ere gogoan hartu zituen Martxelo Alvarez elkarteko bozeramaileak, esanez haien borroka, Euskal Herria askatzeko eta Francoren erregimenaren aurka egindakoa, «zilegi» izan zela.

Paredesen senideak eta hainbat herritar bildu ziren hilerrian eta, lehenengoz, “Txiki”-rekin Bartzelonako La Modelo espetxean kointziditu zuen Josep Maria Pi Janeras kataluniarra erdu zen ekitaldira. 17 urte zituen kataluniarrak orduan, eta gogoratu zuen fusilamenduaren egunean, 1975eko irailaren 27an, presoak ohi baino lehenago itxi zituztela ziegetan, protestak ekiditeko. Baina presoek zarata egin zuten, «ateak kolpekatu genituen gau osoan», esan du. « ez zen bakarrik hil. Gutako edonor hiltzen ari zirela sentitzen genuen», nabarmendu zuen. M.T.