GARA Euskal Herriko egunkaria

«Bidasoa, 2018-2023», politika arrazisten aurkako ubidea

Fermin Muguruzaren «Bidasoa, 2018-2023» proiektua atzo iritsi zen pantaila handira. Txalo artean hartu zuten ikusleek. Tragediaren protagonista diren migratzaileengan jarri du fokua, baita egoera lazgarriari elkartasunaren bidez aurre egiten dioten herritarrengan ere.

Gari Garialde eta Fermin Muguruza, atzo, NAIZ Irratian. (Jon URBE | FOKU)

«Hau plazera eta emozioa! Duela urtebete ‘Black is Beltza II: Ainhoa’ aurkeztu genuen, Iñigo anaiari eskainia. Gaur, Bidasoan azken arnasa hartu dutenen omenez egin dugun lana aurkeztera gatoz. Ibaiak hil egiten duela dioen gezurra desmuntatu nahi dugu. Ez, politika arrazistak dira hiltzen dutenak. Bidasoko kontrabandista eta piratok ere etortzen gara Gipuzkoako hiriburura. Gora Bidasoko Errepublika!». Hitz hauekin eman zien ongietorria Fermin Muguruzak “Bidasoa 2018-2023” ikustera bildutakoei.

Ondoan zuen Jone Unanua ekoizlea, baita dokumentalean parte hartu duten Gari Garaialde, Anaitze Agirre, Pilar Osa, Aintzane Lasarte, Amets San Millan ere, besteak beste.

KALEKO AFARI SOLIDARIOAK

Principe-3 zinema aretoko eserlekuetan ziren Kaleko Afari Solidarioak egitasmoa bultzatzen duten hainbat herritar. Emanaldiaren aurretik kontzentrazioa egin zuten, euren lana ikusarazteko. Izan ere, pandemiatik hona 100.000 afari inguru prestatu dizkiete kale gorrian, aterperik gabe, bizi diren pertsonei.

Egunero 200 afari etxean prestatu eta hiriko hiru gunetan eskaintzen dizkiete beharra dutenei. Egiako Teresa Kalkutakoa plazan, Parte Zaharreko Konstituzio Plazan eta Amara Berriko Euskotrenen geltokiaren ondoan. «Erakunde publikoek euren ardura beren gain hartzen ez duten bitartean hemen jarraituko dugu. Inplikazioa eskatzen dugu, hau ez baita gure lana», esan zuten.

«Pandemia garaian iluntzeko 20.00etan jende guztia etxera joaten zen eta kalean bizi zen jendea ezer gabe, hotzak, ikusten genuen. Oso ikusgarri egin zen pertsona hauen egoera, lehengo bizimoduarekin disimulatuago geratzen zena. Orduan erabat nabarmen geratu zen beharra. Hunkitu egin ginen eta espontaneoki hasi ginen, eta zabalduz joan da», kontatu zion GARAri Samine Irigoienek.

Urteak dituen 365 egunetan eskaintzen dute zerbitzua. «Nork bere etxean kozinatu eta hiru puntuetara eramaten dugu janaria. Talde bakoitzean 100 bat lagun gaude», azaldu zuen. Dena euren poltsikotik ordaintzen dute boluntarioek. «200.000 euro gastatu ditugu -afari bakoitzeko bi euro- eta 38.000 lanordu izan dira; lauzpabost pertsona kontratupean hartuta asebeteko litzateke», esan zuen Koldo Telleriak.

BOST URTEKO BIDEA

“Bidasoa 2018-2023” dokumentala idatzi eta zuzendu du Fermin Muguruzak (Irun, 1963). Ibaiak ez du hiltzen, ez gaitu banatzen. Aldiz, elkartu egiten gaitu. Ibaia bizitza da. Hori da filmak luzatu nahi duen mezu argia. Bortxakeria arrazista salatzen dute irundar musikari eta zinemagileak ondutako hainbat lanek. Bost urte dira hori bere begiekin, aurrez aurre, ikusi zuela. Etxetik mugitu gabe.

2018. urtea zen. Frantziak polizia-kontrolak ezarri zituen eta Bidasoko zenbait muga- igarobide itxi. Hainbat heriotza ekarri zituen horrek. Nahi baino pertsona gehiagok aurkitu zuen heriotza Bidasoa ibaiko uretan edo trenak harrapatuta. Hamar migratzailek, denera.

Batetik, zifra hotzek atzean dituzten hildakoei izen-abizenak jarri dizkie. Bestetik, ibaiaren bi aldeetan lanean ari diren hainbat ekintzaileri eman die ahotsa Muguruzak.

Musikak, nola ez, badu pisua ikus-entzunezko lanean. «Beste protagonista bat da nire azken lanetan. Fillmean entzuten diren kantu denak Bidasoan sortuak dira». Petti, Sonakay, Bad Sound System, Dut, Willis Drummond... zerrenda luzea da. Baita animazioak ere, hainbat pasartetan bide hau hartu baitu zuzendariak. «Bada gauzak egiten ari den jende asko, baina guk zer egin? Dokumentala egitea erabaki nuen», kontatu zuen emanaldia hasi baino ordu batzuk lehenago NAIZ Irratiko mikrofonoetan.

Gari Garaialde argazkilaria ere elkarrizketatu zuen NAIZ Irratiak. Bidasoako Harrera Sareko kidea, proiektuaren parte izan da hasieratik.