Ion SALGADO
GASTEIZ

Galder Barbado eta Aitor Zelaia, atxilotuak izateko arriskuan

Irailaren 15ean kartzelatze agindua heldu zitzaien Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrei. Auzitegiek emandako epea amaitu da, eta biak atxilotuak izateko arriskuan daude. Larunbatean manifestazioa deitu dute Gasteizen beraien aurkako epailearen kontra.

Gasteizen egindako manifestazioaren irudi bat.
Gasteizen egindako manifestazioaren irudi bat. (Endika PORTILLO | FOKU)

Irailaren 15ean espetxeratze agindua jaso zuten Galder Barbadok eta Aitor Zelaiak. Auzitegi espainolek emandako epea amaituta, gazte arabarrak espetxeratzeko arriskuan daude orain. 2019ko otsailaren 7an atxilotu zituzten gazteak, «material lehergarriak» zituen bidoi bat «helburu terroristekin» gordetzea egotzita. Eta ia sei hilabete igaro zituzten espetxean. 2021eko otsailean, Auzitegi Nazionalak bi gazteen aurkako epaia eman zuen: lau urteko kartzela zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zien.

Epaiketak agerian utzi zuen frogen gabezia, eta abokatuek helegitea aurkeztu zuten, baina joan den maiatzean berretsi zuen Auzitegi Gorenak ebazpena. Eta duela bi aste, lau urte eta erdiko ibilbide judizialaren ostean, espetxeratze agindua iritsi zen. «Berriro ere ‘Ankerkeriari Stop’ oihukatuko dugu. Azkena izan dadin. Aitor eta Galder aske nahi ditugulako. Baina, batez ere, traben eta oztopoen gainetik, Euskal Herriak aurrera egin dezan», adierazi zuen plataformak.

GARAk jakin duenez, auzitegiek emandako kartzelatzeko epea amaitu da, eta bi gazteak atxilotu eta kartzelatzeko arriskuan daude.

Haien egoera salatzeko hainbat ekimen izan dira azken asteetan. Atzo elkarretaratzeak eta manifestazioak izan ziren Donostian eta Gasteizen, esaterako. Dena den, ekimen nagusia larunbatean izango da, Arabako hiriburuan, 18.30ean, Artiumetik abiatuta.

Izan ere, Maddalen Muguruza plataformako kideak NAIZ Irratian joan den astean azaldu zuenez, «ankerkeria kasu hauen aurrean Euskal Herriak herri bezala erantzun behar du; gure artean babesteko behar hori daukagu, baita antolatzeko gaitasuna ere».

«Uste dugu elkartasuna gure motorra izan behar dela eta are indar gehiagorekin erantzuteko deia luzatu nahi dugu», gaineratu zuen, prozesua «zentzurik gabe» luzatu eta bi gazteen bizitza baldintzatu duela salatu ondoren.

Sarek bat egin du Ankerkeriari Stop plataformak larunbaterako Gasteizen deitu duen mobilizazioarekin. «Espetxeen problematikari aterabidea eman eta sufrimendu guztiekin amaitzearen alde urratsak egiten ari garen honetan, honelako epai eta espetxeratzeek» ez dutela lekurik ohartarazi du.