GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskaldun bat Bidarten


Pasatu den astean kontatu genuen estatubatuar batek, Bidarteko urautsi batean, inguruko frantses guztiak ingelesez hitz egiten jarri zituela.

Herrialde inperialistetako herritarrek besteekiko izaten duten gehiagotasun jarrera da, baina estatubatuarrekiko erakusten duten gutxiagotasun konplexua izan genuen hizpide. Haien azpitik dagoela uste duten beste norbait urautsian bere hizkuntzan hizketan hasiko balitz (portugesez, italieraz, espainolez eta abar), mespretxatua izango zela ere bagenion. Eta azkenik, euskaldun bat urautsian euskaraz hizketan hasten denean, ikusezin bihurtzen dela nabarmendu genuen.

Azken egunetan Lapurdiko surflariekin partekatu nahi izan dut nire hausnarketa, eta diotena egia bada, pozik egoteko moduan gaude. Nire lagunen ustez, euskara entzuten dutenean, frantsesak «beldurtu» egiten dira. Alegia, euskara identifikatzen dute eta badakite «bertakoak» euskaldunak direla, beraz isilik geratzen dira, deus esan eta egin gabe. Nire esperientzia ere horixe izan da, baina hori ere alda daiteke, norbaitek aurpegia txikitzen didan egunean. Edonola ere, ez gaituzte sailkatzen haien ustezko «azpi arrazen» multzoan eta, gainera, euskaldunen eta espainolen arteko bereizketa ere egiten omen dute.

Lehen aldiz Erromardiko hondartzaren iparraldean haitzen gainean altxatzen den eskuin olatuan surf egitera sartu nintzenean, indarrez bota ninduten, «bertakoek» masifikazioaz babesteko gorde duten lekua bakanetakoa delako. Haien irainak eta mehatxuak frantsesez izan ziren. Bigarren aldian euskaraz erantzun nien, eta bakean utzi zidaten, haietako bat hurbildu eta ongi etorria nintzela esan zidan. Ordutik urautsi horretan nahi dudanean surf egiteko «baimena» daukat eta lagun on batzuk ere egin ditut.

Euskararen egoera latza da Lapurdiko kostaldean. Dakitenek ez dute hitz egiten, bertakoak direnek ez dute ikasi nahi (nahikoa dute pilotan jolastu eta dantza egitearekin, askotan leporatu izan didate ez bata eta ez bestea ez egitea, noski, frantsesez), paradoxikoki ikasi nahi duten gehienak Frantziako beste herrialdeetatik datozen hiritar berriak dira, baina hauei euskaraz irakasteko irakaslerik ez dago. Hori da lau lerrotan egoera orokorra.

Testuinguru horretan, surf munduan euskaldunei «beldurra» digutela entzutea pozgarria da, zeren errespetu apur bat izateko modu bakarra da gurea bezalako herri txikientzat. Tristea da, baina horrela da. Zailena izango da errespetu horri eustea, zeren horretarako egurra jasotzeko prest gaudela frogatu beharko dugu, behin eta berriz, eta ez dut uste prest gaudenik. Ez behintzat euskaraz...