GARA Euskal Herriko egunkaria
EIBAR

Hiru garaipen jarraian eskuratuta, «taldearen egoera hobea da»

Etxeberria, Leganesko Borja Jimenez besarkatzen. (M. DEL VALLE | FOKU)

Eibarri aurpegia aldatu zaio, liga txapelketan hiru garaipen jarraian erdietsi ondoren. Eta halaxe onartu zuen Joseba Etxeberria teknikari armaginak herenegun, Tenerife mendean hartutakoan (3-0). Azaldu zuen garaipen hau «konfiantzarako» ezin hobeto etorriko zaiela, atea hutsean utzi ez ezik, hiru gol ere egin zituztela. Gainera, «orain bi partida dauzkagu egun gutxitan, biak kanpoan, eta egoera hobea da». Elgoibartarrak berak ziurtatu zuen hirugarren garaipenak taldea «zeharo indartuko» zuela.

Bada, hiru porrot erreskadan jaso eta gero dena beltz ikusten zenez, orain apur bat argitu da Eibarren ibilbidea. Azken hiru partidetan, zazpi gol egin eta bakarra jaso du: «Uste dut ez dela erraza hiru partida jarraian irabaztea maila honetan. Taldearen hobekuntzaren ondorioz, garaipenak etorri dira. Leganesen aurkakoa ere ona izan zen, baina porrota jaso genuen».

Zazpi jardunaldiren ostean, zortzigarrena da, 12 punturekin. Mirandes bisitatuko du ostegunean, hain zuzen ere, Joseba Etxeberriak ongi ezagutzen duen taldea.