GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
Antton Araspin
Karma taldeko gitarra jotzaile eta abeslaria

«Martxatzen duenarekin geratzen gara, naturalki geratzen den horrekin»

Karma taldea Behe Nafarroko taldea dela esan dezakegu, Donapaleukoa, baina ez dakigu non kokatu. Benjamin Delabaca, Miguel Etcheverry eta Antton Araspinek osatzen dute; bakoitza punta batekoa da, eta Lapurdin dute elkargunea. Bitxia bezain interesgarria, «Odolean dena» euren estreinako diskoa bezalaxe.

(Jean LARREGARAY)

Erdi isilean datorren diskoa kaleratu duzue Karma taldearekin, aurrenekoa. Baina taldearen elkartzea nola gertatu da, bat Amikuzekoa, bestea Garazikoa eta hirugarrena Urruñakoa izanik?

Bitxiloreak taldean aritu ginen duela urte zenbait. Pandemian geratu genuen guztiz eta, nik nire musika sortzeko nahia banuenez, berriz ere deitu nituen ene lagunak; aski naturalki egin da guztia. Estiloz aldatu dugu: lehen popa egiten genuen eta orain rockera pasatu gara, power trio moldean eta zerbait indartsuagoa eginez. Ez nuke gogorra esango, indartsua baizik.

Errepikak egiteko elkargunea non duzue?

Kostatik eta barnealdetik epizentroa dugu Kanbo; Luhuso inguruko tokietan ibiltzen gara, bertako gaztetxeetan. Eta oso eskertuta gaude.

Disko laburra da kaleratu duzuena, bost abesti dituelako. «Odolean dena» deitzen da diskoa. Odolean daramazuena da edo dena odolean dagoela esan nahi izan duzue?

Odolean zer daramagun erakutsi nahi izan dugu: rocka, musika, hori baita barruan daramaguna. Aldi berean, hori da eskaintzeko dugun guztia.

«Gogoratu» kantuak abiatzen du diskoa, erdi tempo indartsu batetik hasi, punk rockera igaro eta popetik ere edaten duena, baina aldi berean metal ukitua ere baduena. Kantu hau nola josten da?

Denbora behar da. Bi urte eman ditut kantu hau konposatzen: gauza batzuk sortu, besteak kendu, zaborretara bota… Usaian, ordenagailuarekin grabatzen dut dena, instrumentuak joz; hor egiten dut dena, eta gero bertsio desberdinak sortzen dira. Horiek eramaten dizkiet ene lagunei, eta berriz ere egitura moldatzen dugu, bukaerako emaitza lortzeko bidean. Martxatzen duenarekin geratzen gara, aski naturalki geratzen den horrekin. Hori da gure esentzia.

Memoriaren garrantzia aipatu beharra daukagu, abesti hau entzunda. Memoriak berak ere sentimenduak sortzen dituela aipatzen duzu. Idaztean, zeri buruz ari zinen hemen?

Introspekzio gaiak aipatzen dira diskoan. Eta hemen azken urteotan zer egin dudan pentsatzen ari nintzen, baita norat joan nahi dudan ere. Gero ez nuke gehiago erraten ahal, gauza pertsonalak direlako. Bakoitzak bere maneraz interpretatzen ahal du, eta hori ere interesantea da. Maite dut letrak idaztea, baina gaiak aski irekiak utziz, publikoak sar dezan bere burua haietan eta interpreta dezan haien maneran.

Bigarren kantuak, «Orbela» abestiak, hard rockaren mundu ilunago batera garamatza. Taberna, izerdia, gaua… hori guztia nabari da kantuan. Soinu aldaketa hasieratik horrela zen edo gerora proba egin zenuen?

Aski zikina da, bai. Hasieran bestelako zerbait zen, baina gero probatu nuen soinu hau eta emaitzarekin pozik geratu naiz. Estudioan gure teknikariari hau entzunarazi geniolarik, Foo Fighters edo Audioslave etorri zitzaizkion burura; eta hori entzutea gustukoa izan zen, kantu hau proposatzen nuelarik. Kasualitatea ez baita, talde hauek maitatu ditut nik.

Abestiaren gaiak iradokitzen du pantailari begira denborak ihes egiten digula.

Bai, eta denbora galtzen dugu. Eta hor nago mugikorrarekin zuri begira hitz egiten. Baina kontziente izan behar da, kasu eman behar zaio egiten dugun horri eta ez da sobera deliratu behar. Abestiaren gaia pixka bat hortik doa. Gure herri puskak desagertzen ari dira pixkanaka, eta, gure bizitzan gero eta gehiago bakoitza berera doala, gizarte indibidualagoa gara. Hor bada dualitate bat, ekuazio bat.

Amikuze inguruan ere bai, denak pantailari begira?

Izaten ahal da. Jendea ez dut gehiago ikusten goaitatzen mugikorrik gabe. Medikuaren kontsultan eta halakoetan, garaian, baziren liburuak edo haur jokoak. Egun denak mugikorrarekin gara; eta hori garaiaren kontua izango da, baina denok gabiltza halakoekin.

Patrick Fischerrekin grabatu duzue.

Bastidako bere estudioan, Nomad Recording Studion. Bere materialarekin batetik bestera ere ibiltzen da grabatzen, baina bere etxean izan gara. Super kontent izan gara, zinez. Hastapenetik ulertu du nora ailegatu nahi genuen. Emaitza ona ematen du eta energia ona atxikitzen du grabaketak. Beraz, huntsa. Hau diot, ni Amikuze aldean fisioterapeuta naizelako eta egunero hau ikusten dudalako.

Material asko erabili duzue grabaketan?

Bere materiala bikain ezagutzen du Patrickek. Zuzenean grabatzeko erabakia hartu genuen, metronomorik gabe, eta horrek indar berezi bat eman dio. Gure materiala ere iruditzen zait aski ongi menperatzen dugula, eta nahasketa horrek emaitza ona ematen duela uste dut. Bozak eta bigarren gitarrak gero grabatu genituen; baina, oinarria, hirunaka egin genuen, eta hor da diferentzia. Hiru gitarra erabili nituen bost kantu egiteko, eta hori ere antzeman daiteke agian.

Bai, eta nabaritzen da hori guztia, «Sotina» kantua beste unibertso batean kokatzen delako. Rock progresiboago bat, shoegaze ukituarekin… Atmosferikoagoa edo gaseosoagoa da dena. Inprobisazio bat du abiapuntua?

Kantu horrentzat preseski inprobisaketa bat izan zen. Miguel, bateria jotzailea, hasi zen erritmo hori ematen. Errepika hastean, beti jam batekin abiatzen gara, hori da gure usaia. Aldi bakoitzean zerbait desberdina egiten dugu, eta aldi batez erritmo horri segitzeko esan genion eta akorde hori, nota horiek, agertu ziren eta baxuak groove potolo hori gehitu zion. Hortaz, inprobisaketa batekin hasi zen guztia. Besteetan dena idazten dut aitzinetik eta gero moldatzen dira; gauzak ez dira inoiz bortxaz bukatuak izaten.

Sotil hasten da dena, progresioan gora zoazte Beñat eta zu, eta disonantziekin jolastu duzu.

Posible da diozuna, ez dakit non erori den, baina gustukoa atzeman dugun toki batean erori da. Mundu progresibo hori ere maite dugu, badugu erreferentzia anitz mundu horretan. Atzeman dugu zentzua bazuela kantu hori disko honetan kokatzea.

Kantuaren hitzei erreparatuz… Pasatu dena pasatu da edo borrokatu behar da aurretik egon den horren alde?

Pasatutakoa pasatu da eta etorriko dira borroka berriak ere.

Diskoaren diseinuari begira jarrita, kopa bat ikusten dugu likido urdin batekin. Zer bilatzen zenuten?

Lehenengo ideia odolaren errepresentazioa nahi genuen egin, modu artistikoan, ez bortxaz bortitza bilakatuz, Metallicaren disko batean ikus daitekeen moduan. Gogorra zitzaigun odola bere horretan erakustea; hortaz, beste zentzu bat bilatu genuen. Annie Etxeparek egin du diseinua eta berak proposatu zidan hau. Kopa batean ura eta tinta nahasi eta hori da lortzen den emaitza. Tira, ehundik gora argazki egin eta gero hautatu genuenaren emaitza da hori. Hortaz, kostatu zitzaigun. Urdin hori elegantea ikusten genuen eta garbia, eta horrela geratu da.

Kantu energikoa da «Zilborraren ingurua». 2000etara salto egiten dugu, afinazioa ere drop c bat delako, ezta?
Bai, gitarraz aldatzen dut, eta afinazioa hori da azken kantuetan. Belarria prest duzu, gero!
Hemen gitarra ez da hain lodi entzuten, abiadura handian jotzen delako eta kordelak ere altuenak entzuten direlako. Mezua arinagoa iruditu zait, edo bigarren zentzua du?

Ez dakit, zure ustez?

Zalantzak ditut, horregatik galdera. Atzeko mezua duela uste dut.

Galdera irekita utziko dugu, hortaz.

Azken kantua tempo erdian doa. Bestelako indar bat du, lodiagoa da… «Miraila» deitzen da, ispilua alegia. Zu jarri zara, metaforikoki bada ere, ispiluaren atzetik aurrean dagoen Anttoni begira?

Bai, usu egiten dudan zerbait da. Pixka bat kontenplazioa, ez? ‘Nor naiz ni?’ eta horrelako gauzak lantzen. Adinarekin ere etortzen den zerbait da; gazte-gazte zarelarik, ez zara hor sartzen. Baina maite dut, laguntzen duelako aitzinatzeko, jakiteko pixka bat zertan izan nahi ziren… Introspekzioa.

Taldearen parte izateko behar horren gaitza ere aipatzen da.

Bai, hori da. Bakarrik izateko nahia eta taldean sartzeko beharra, hor dago lana.

Diskoa, fisikoan kalean da?

Bai, eta gure bandcamp orrialdean eskura daiteke. Edo bestela, kontzertuetan. Bistan denez, plataforma digitaletan ere entzun daiteke.

Kontzertuak aipatu dituzunez, badatoz emanaldi berriak?

Izan dira eta datozenak politak izanen dira. Esaterako, orain gutxi, Itsasuko arrabestetan izan gara Kristonak taldearekin. Aiziritzeko bestentzat ere bai, Zea Mays taldearekin batera. Bietan ere lehen parteak egiten ariko gara. Normalean, Durangon ere izango gara eta parada ukanen dugu gure diskoa eta proiektua erakusteko.

Halako tokietan zuenak bezalako proiektuek beti izan behar dute tokia.

Dena autoekoizpena da. Ez dugu ez diskoetxerik, ez eta zigilurik ere atzean. Bistakoa da sustengua behar dugula.