Etsaiek uler ez dezaten
Podcast oso dibertigarria entzun nuen joan den egunean. Kontzeptu arrunt bati bigarren esanahi bat ematea da podcast honen helburua.
Umorea definitzeko orduan, egile batek aipu ezezagun eta interesgarria egin du: albur. Albur arte bat da, Mexikon sortua, hitz jokoak erabiliz hitzei bigarren zentzu bat emateko. Izan ere, poesia eta txisteak nahasten dira, eta garai batean monopolioa gizonek bakarrik bazuten ere, plaza aspaldi hartu zuten emakumeek.
Adibiderik onena Lurdes Ruiz Baltazar da, “Alburraren erregina” deritzotena. Elkarrizketa batean definitu zuen albur “xake mental” gisa, eta azaldu zuen belaunaldiz belaunaldi mantendu zela diziplina. Alabaina, historian du jatorria, aztekek erabiltzen baitzuten espainiarrek uler ez zezaten.
Beste erregistro batean, Frantziako verlan ere antzekoa da. Verlan mekanismoan, jatorrizko hitzen silabak atzetik aurrera itzularazten dira.
Erdi Aroan aurkitu ziren lehendabiziko adibideak, baina erabilera guztiz demokratizatu zen Bigarren Mundu Gerraren ondotik, Parisko banlieuetako langile eta immigranteak erabiltzen hasi baitziren. Berriz helburu berarekin: haien etsaiek (burgesek, eta hor Polizia barne da) ez ulertzeko. Eta zuk, ulertuko al zenuke?