GARA Euskal Herriko egunkaria

Inbestidurarako hurrengo hautagai Sanchezek azaroaren 27 arte du epea

Nuñez Feijooren saiakeraren ondoren, Pedro Sanchezen txanda izango da Espainiako Kongresuko inbestidurarako. (Thomas COEX | AFP)

Felipe Borboikoak Pedro Sanchez izendatu zuen atzo Madrileko Gobernuko Presidentziarako hautagai; Sanchezen asmoa, «lehenbailehen inbestitua» izatea da. «Gogotik lan egingo dugu, konfiantza dut. Negoziazioak ez dira errazak izango. Konplexuak izango dira», aitortu zuen atzo Moncloan emandako prentsaurrekoan.

«Feijooren bost asteko inbestidurak huts egin du. Gu gaur hasiko gara, eta, beraz, ezin dut oraindik inbestiduraren data bermatu, baina espainiarrei hitzematen diet benetan lan egingo dugula», gaineratu zuen. Ildo horretan, Sanchezek azpimarratu zuen «serio» lan egingo duela «benetako inbestidura bat egon dadin eta egonkortasuna emango duen eta ditugun erronkei erantzungo dien gobernu bat izan dezagun».

«Gorputzez eta arimaz lan egingo dut datozen asteetan, negoziazio konplexu batean, espainiarrek merezi eta behar duten Gobernua izan dezagun», adierazi zuen PSOEko buruak. Eta azkenean «zereginera» deia egin zuen, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentearen inbestidura hutsari erreferentzia eginez, bere ustez, azken bost egunetan «herrialde gisa denbora galdu» baita.

ESKUZABALTASUNAREN BEHARRA

Madrilgo jarduneko presidenteak amnistia zuzenean aipatzea saihestu zuen, Carles Puigdemontek bere inbestidura babesteko. «Eskuzabaltasunaren» eta Katalunian politika egitearen beharra defendatu zituen, eta Kataluniako independentistek eskatutako autodeterminazio erreferendumaren aurka agertu zen.

«Politika egiteak eskuzabaltasuna eskatzen du, zure herriarekiko konpromisoa eta, logikoa denez, lidergoa hartzea», esan zuen Sanchezek, atzo Felipe Borboikoak Gobernua osatzeko enkargua jaso ondoren egindako agerraldian. Bere inbestidura babesteko ERCk eta Juntsek eskatutako autodeterminazio erreferenduma arbuiatu egin zuen: «Konstituzioaren konpromisoagatik eta exijentziagatik ez ezik, baita uste politikoagatik ere».

Francina Armengol Kongresuko presidenteak eman du erabakiaren berri, Espainiako erregeak bigarren bilera sortari amaiera eman ostean. Sanchezekin izandako bileran, PSOEko buruak prest dagoela adierazi zion, eta Felipe Borboikoak onartu, aurrez Feijoorekin egin bezala, nahiz eta beharrezko babesik ez izan.

Sanchezek iragarri zuen bihartik aurrera talde parlamentarioekin biltzen hasiko dela, inbestiduran gehiengoa lortzeko. Bihar bertan Yolanda Diaz jarduneko bigarren presidenteorde eta Sumarreko buruarekin hasiko du bilera sorta, eta hurrengo egunetan gainerako alderdiekin izango da, salbuespen batekin: Voxekin ez da bilduko.

INBESTIDURARAKO DATA ZEHATZIK EZ

Lehen saiakera horren kontrara, abiatu berri den prozesuan, oraingoz, ez dago inbestidura saiorako datarik. Armengolek azaldu zuenez, egokiena hautagaiak behar adina babes edo aukera dituela ikusten duenean deitzea da: «Erabakia behar bezain sendoa den unean, lehenbailehen izango da inbestidura saioa», esan zuen.

Badago Damoklesen ezpata bat, hauteskunde osteko prozesu osoa hartzen duena: norbaitek beharrezko gehiengoa lortzeko epea azaroaren 27an amaitzen da. Ordurako inork lortuko ez balu, hauteskundeak errepikatuko lirateke (2015-16 eta 2019-20ko aurreko bi zikloetan ere gertatu zen). Hauteskunde berriak urtarrilaren 14an izango lirateke, zortzi egunetara laburtutako kanpaina batekin, eta, honenbestez, hilaren 5ean hasiko litzateke.

Azken egunotan PSOEk taldea bildu du Sanchezen inguruan, Rodriguez Zapaterok bultzatutako mugimendu bati esker. Alderdiko ia buruzagi eta erreferente guztiek sinatutako manifestu bat argitaratu zuten, Felipe Gonzalezen eta Alfonso Guerraren kritika publikoei erantzuna emanez.

Sanchezen atzetik Alberto Nuñez Feijoo PPko burua sartu zen Zarzuelan, eta harekin itxi zuten txanda. Irteeran haserre nabarmena zuen eta adierazi zuen «aste ilunak eta gezurrak» datozela datozen egunetan. Feijoo jada igaro zen inbestidura izapide horretatik, baina Kongresuak atzera bota zuen joan den astean, hasierako 172etatik boto berri bakar bat ere batu gabe.