GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Za-ha-rra


Denbora joan doa, ez dago gelditzerik. Eta zahartzen goaz. Gustatzen zait nola deitzen dion bere buruari Mari Luz Estebanek “Andre zaharraren manifestuan”: za-ha-rra. Ariketa intelektual eta emozional sakona egin behar da zahartzaroan zaudela onartzeko. Baina modu asko daude zahar izateko. Joaquin Achucarro piano-jotzaileak 90 urte ditu eta kontzertuak ematen jarraitzen du. 80 urteko Mari Puri Herrero pintoreak, Marijaiaren sortzaileak, ez dio erakusketak egiteari utzi.

Ez, denok ez gara berdin heltzen «adin handikoak» izatera. Polita ere bada euskaraz zaharrari deitzeko modu hori. Gorentasuna islatzen duela iruditzen zait. Eta, hain zuzen ere, duintasuna da gizarte moderno honetan zaharrok apurka-apurka gal genezakeena. Antzinako gizarteetan zahartzaroa, jakintasuna eta boterea batera azaltzen ziren, besteak beste, jendea oso gazte hiltzen zelako. Gizarte moderno guztietan, aldiz, kezka nagusietako bat da jaiotza tasa txikia eta, ondorioz, biztanleriaren batez besteko adinaren hazkundea. Eta horrek eragin zuzena du gizarte-zaintza sisteman eta antolaketa ekonomikoan, adinak gaixotasuna baitakar askotan eta batzuetan pobrezia. Baina zaharrak ezin dira ikusi gizarte zama lez bakarrik. Argi dago ez gaudela prestatuta aldaketa horietara moldatzeko. Ez egiturari ez kulturari dagokienez, gazte izateak eragindako lilura betean bizi gara eta.

Ertz askoko gaia da zahartzaroa. Ezbairik gabe, maila psikikoan landu beharra du, zahartzaroak baduelako tristuratik apur bat: heriotza hurbilago ikusten da. Eta non arraio dago hori barneratzeko ikastarorik? Hala ere, ez dut maite jendeari entzutea zahartzen den gizartea «gizarte tristea» dela. Uste okerra da. Hainbat ikerketak frogatu dute jende asko pozik bizi dela 60 urte beteta, laket duena egin dezakeelako, lotura ugaritik libre eta beste konpromiso mota batzuei eutsiz. Zahartzaroa eta alaitasuna ez dira bateraezinak. Biologiatik harago, gizarteak erabakitzen du zer den zahar izatea eta zer dakarren horrek.