M.U.
BESKOITZE

Beskoitzeko ikastolari ezarritako trabak altxatzeko deia egin du Seaskak

Ikastolako haur eta gurasoak, Seaskak eginiko agerraldian.
Ikastolako haur eta gurasoak, Seaskak eginiko agerraldian. (Nahia GARAT)

Herriko ikastola garatzeko egitasmoak trabaturik jarraitzen duela salatzeko, Seaskako ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Beskoitzen.

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak deitoratu zuenez, proposamen bat baino gehiago mahai gainean ezarri badituzte ere, «Herriko Etxeak azken urteetan agerturiko jokabide hertsiari heldu dio».

Hala, Fabienne Ayesa auzapeza buru duen udal gobernuak ikastola handitzeko egitasmoa ez zuela baimenduko ezagutarazi zuen joan zen hilabetean. Horren harira, «ez gaituzte tronpatuko; ongi badakigu Herriko Etxeak argumentu teknikoak aitzinatuko dituela, erranez baimena ez dela egokia, nahiz eta baimen hori balioztatzeko beharrezkoak diren proposamenak egitea eragotzi digun», argitu zuen Jorajuriak, ikastolako gurasoak ondoan zituela.

Hala ere, «ikastola prest da baimen berria pausatzeko, Herriko Etxeak erabili dituen argudio guztiak zuzenduko dituena», iragarri zuen. Duela hamar urte sortu zen ikastola handitzeko planari irtenbidea ematea urgentea dela nabarmenduz, urriaren 20a aitzin elkarrizketari bide emateko eskaera egin zion Jorajuriak Herriko Etxeari. Irtenbide bat aurkitzeari uko eginez gero, «Beskoitzeko ikastolako gurasoak aitzinean dituzue, eta ez soilik, ikastola guztiak laguntzera joanen baitira», ohartarazi zien udal agintariei. Ikastolan ikasten ari diren 52 haurrek prefabrikatuetan ezin dutela jarraitu argi utzirik, klase politikoari laguntza eskatu zion, «Beskoitzeko hautetsiak arrazoibidera ekartzeko».