Maite UBIRIA
HENDAIA
MUGEN ITXIERA

Muga beste sei hilabetez itxita atxiki nahi du Parisek, 2024ko apirilera arte

Hilaren 30ean amaitzekoa zen Euskal Herriko barne zirkulazioa oztopatzen duen neurria, hots, mugaren itxierari eusteko Parisek eskatutako luzapena. Alta, frantziar Gobernuak jada 2024ko apirilaren 30era arte pasabideak itxirik atxikitzeko xedea jakinarazi du. Etorbidea Zubia irekitzeko 12.000 herritarrek babestutako kanpainaren kari, ekitaldia izanen da gaur, Hendaian.

Etorbidearen Zubian eginiko potretekin arte erakusketa zabalduko dute gaur Hendaian.
Etorbidearen Zubian eginiko potretekin arte erakusketa zabalduko dute gaur Hendaian. (Guilaume FAUVEAU)

Frantziar Estatuak mugak ixteko erabakia hartu zuenetik hiru urte beteko dira heldu den urtarrilean. Pertsona migratzaileen bizitzak arriskuan jartzen dituen eta Euskal Herri barruan barne zirkulazioa oztopatzen duen politika hori bertan behera uzteko asmorik ez du, oraingoz, Emmanuel Macronen Gobernuak.

Areago, euskal agintariek zein gizarte zibileko ordezkariek behin eta berriro eginiko eskaerari mespretxuz erantzun dio beste behin ere Gobernu frantsesak.

Maiatzean luzatu zuen mugan kontrol iraunkorrak atxikitzeko baimena. Migrazioaren eta terrorismoaren aurkako erronkak aipatzearekin batera, beste argudio bat eman zuen orduan Macronen Gobernuak mugek itxita jarraitzeko: frantses Estatuan irailaz geroztik jokatzen ari den Munduko Errugbi Txapelketa.

2024ko uztailaren 26tik aitzin Olinpiar Jokoak Parisen egingo direla aintzat hartuta, GARAk sei hilabeteko luzapen berri horrek segida izango zuela aurreikus zitekeela idatzi zuen orduan, eta, aurreikuspenak betetzeko bidean dira.

Urriaren 30ean amaitzekotan zen epea agortu aitzin beste sei hilabeteko luzapena jakinarazi diote aste honetan frantses agintariek Europar Batasuneko (EB) agintaritzari.

Hala, aurtengo azaroaren 1etik 2024ko apirilaren 30era arte mugan kontrol iraunkorrak atxikitzeko erabakia ofizialdu du frantziar Estatuak. Argudio bi eman ditu Parisek, Schengeneko Itunaren arabera arrazoitu egin behar delako pasabideen berrezarpena.

Bruselari igorriko jakinarazpen horretan, mehatxu terrorista eta EBko kanpoko mugetan ematen den egoerari aipamen orokorra egin diote frantziar agintariek, beren erabakiak Euskal Herrian lurralde etendura larria sortzen duela aintzat hartu gabe.

HERRITARREN EKIMENA.

Joan den uztailearen 3an, Frantziako Tourrak Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga zeharkatu zuelarik, 2021. urteaz geroztik hesituta dagoen Etorbidearen zubia ireki zuten. Hendaiako eta Irungo auzapezek zubiaren erdian elkarri bostekoa emanez ospatu zuten pasabidearen irekitzea.

Alta, behin tropelak Bidasoko eskualdetik alde egin zuelarik, berriro itxi zuten oinezkoentzat eta txirrindularientzat igarobide naturala den hori.

Egoera hori ulergaitza zela adierazteko, hainbat elkarretaratze egin zituzten herritarrek eta, horren osagarri, agorrilaren 8an sinadura bilketa abian jarri zuten 30 hendaiarrek.

Geroztik,informazio mahaiak jarri dituzte, sinadura bilketa sustatzeko, eta QR baten bidez Interneten bidez salaketa egiteko aukera eman dute. Herri-ekimen horrekin bat egin dute 12.000 herritarrek baino gehiagok. Sinaduraren bidez Txingudi eskualdeko lagunen joan-etorrietarako ezinbestekoa den pasabidea lehenbailehen irekitzeko galdea babestu dute. Kanpainari bultzada emateko xedez hainbat ekimen gauzatu dituzte. Hala nola joan den irailaren 10ean herritarrek parada ukan zuten zubia hesten duen hesiaren aitzinean beren potreta hartzeko.

Argazki bilduma horren bidez zubiak irekitzeko aldarrikapenak aurpegi anitz dituela irudikatu nahi izan zuten.

Aldarrikapena eta artea batuz, aipaturiko kanpainari amaiera emanen diote larunbat honetan, Hendaian.

11.00etan Herriko Etxera joanen dira ekimenaren sustatzaileak Kotte Ezenarro auzapezari sinadura bilduma emateko. Ordu erdi geroago Inside Out kale arteari egokitutako erakusketaren bidez herritarren 75 potret denon aurrean azalduko dituzte. Eguna borobilduz elkarrekin janen dute Gaztelu Zahar frontoian.



«Migratzaileen bizitzek arriskuan segituko dute»

Europar Batasunak estatuen esku uzten du barne mugen gaineko kudeaketa. Gauzak horrela, Schengengo Itunaren aplikazioa eteteko asmoa duten gobernuek prozedura sinplea bete behar dute. Europar Batasunaren aurrean akreditatutako estatu diplomaziaren buruak, kasu honetan Frantziako enbaxadoreak, eskutitz baten bidez jakinarazten dio Bruselari bere erabakia. Horren ondotik, bere webgunean, mugen kudeaketari eskainitako atalean aldi baterako pasabideetan kontrolak berriz jartzeko deliberoa hartu duten estatuen zerrenda plazaratzen du Europar Batasunak.

Mugetan gertatzen denari buruz dagoen gardentasun eza areagotzera dator komunikazio molde hori. Erabakiaren ondorioak ez dira, ordea, edonolakoak. Bidasoko mugaldean hamar bat lagun hil direla oroitarazi du Anaitze Agirrek. Ildo horretan, pasabideek itxita jarraitzearen ondorioz «migranteen bidaiak orain arte bezain arriskutsu izaten jarraituko dutela» nabarmendu du Irungo Harrera Sareko kideak, GARArekin izandako elkarrizketan. M.U.